(argazkia: Oihaneder)

‘H-Artzetik, poesia musu zapietan’ ikuskizuna taularatuko dute igandean, Gasteizen

Diziplina ezberdinak uztartzen dituen ordubete inguruko emanaldia da; Artzeren poemak, zuzeneko musika, arte plastikoak, ikus-entzunezko proiekzioa… barnebiltzen dituen ikuskizuna da”.

Joxan Artzeren ibilbide poetikoaren irakurketa eta berrinterpretazio bat egitea da H-Artzetik, poesia musu zapietan ikuskizunaren helburua. Sorkuntza prozesu kolektibo baten bidez poeta eta bere obra ezagutu, eta gaur egungo galbahetik igaro ondoren egindako kontaketa bat da. Bilboko Loraldia jaialditik jasotako proposamen batekin ekin zioten proiektuari Txakur Gorria kolektiboko kideek eta Peru Galbete musikariak.

Diziplina ezberdinak elkartzen dituen ordubete inguruko emanaldia da; “Artzeren poemak, zuzeneko musika, arte plastikoak, ikus-entzunezko proiekzioa… barnebiltzen dituen ikuskizuna da”, azaldu dute Oihaneder Euskararen Etxeko kideek. Artzeren obra guztia bildu, irakurri eta aukeraketa bat egin ondoren, horri forma eman eta eszenaratzeko modua bilatu dute Txakur Gorria kolektiboko kideek.

Taula gainean, beraz, Peru Galbete eta Txakur Gorria kolektiboko Ane Labaka Mayoz, Nerea Ibarzabal Salegi, Malen Amenabar Larrañaga eta Mariñe Arbeo Astigarraga ikusiko ditugu.

Poetak Maiatzean jaialdiarekin elkarlanean antolatutako ikuskizun hau maiatzaren 9an taularatuko dute arratsaldeko 19:00etan, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean. Emanaldia doakoa izango da, baina edukiera mugatua izango denez, gonbidapenak aldez aurretik eskuratu beharko dira Oihanederren webgunean; horretarako emanaldia baino astebete lehenago irekiko da gonbidapenak jasotzeko epea, eta hasi baino ordubete lehenago itxiko da.

Zabaldu: