Martxoaren 17an eskainiko dute emanaldia Bilboko Alondegian. Sustrai Colina, Xalbador, Aitor Mendiluze, Lazkao Txiki, Uxue Alberdi eta Odei Barroso bertsolarien errimekin, besteak beste, dantzatuko dute.
Bertso ariketa eta jokoak dantzara eramatea da Errimak bi oinetan ikuskizunaren berezitasuna, horrekin batera, bertso sorta zahar eta berriei mugimendua emanez, gaurkotasunari buruzko gogoetak plazaratu nahi dituzte taula gainean.
Bilboko Loraldia Festibalaren programazioaren zazpigarren edizioaren baitan aurkeztu dute ikuskizuna eta Alondegian taularatuko dute martxoaren 17an, arratsaldean. “Garai bateko eta gaurko bertso eta doinuez osatutako emanaldi entretenigarri eta dibertigarria izango da, dantza eta bertsolaritza uztartuko dituena”, azaldu du antolakuntzak.
Haatik Dantza Konpainiako bost dantzari izango dira bertsoei mugimendua emango dietenak. Bertso horiek Sustrai Colina, Xalbador, Aitor Mendiluze, Lazkao Txiki, Uxue Alberdi, Odei Barroso bertsolarienak, besteak beste, izango dira, eta Igelaren banda arduratuko da horiei soinua emateaz.
Horrez gain, emanaldi hau esperientzia digitala izango dela aipatu du Loraldia elkarteak. “arratsaldeko 18:30ean, Aiert Beobiderekin solasaldi batekin hasiko gara: Nola ikusten dugu geure burua euskaldunok?”. Solasaldi honen ondoren dantza eta bertsoak uztartzen dituen ikuskizuna ikusgai izango da aretoan bertan eta nahi izanez gero Internet bidez”.