(argazkia: Herri Bizia)

Habian!-eko ehungintza sortzaileen lanak, Errenteriako Jantziaren Zentroan ikusgai

Saioa Matxain, Anne Gajate eta Ruben Pantiga ehungintza sortzaileak Habian! hazitegiko egoiliarrak dira.

Saioa Matxainek, Anne Gajatek eta Ruben Pantigak Habian! hazitegian ezagutu dute elkar, eta bertan landutako lanekin Egunsentia: Torrekuatik diseinatzen izeneko erakusketa zabaldu dute Errenteriako Jantziaren Zentroan. Honetan, Idoia Lizeaga bitxi diseinatzaile eta lore maistrak kolaboratzaile gisa parte hartu du, bere hainbat pieza ikusgai jarriz.

Matxain errenteriarrak, alegia, Sai-Suo markak, Ortzimuga izeneko proposamena dakar. Iraganera begiratzen duen bilduma da, giroa berreraikitzeko.

Anne Gago izenaren atzean, Anne Gajate diseinatzaile errenteriarra dugu. Kalitatezko ehunak, diseinu zaindu, dotore eta modernoak, guztiak eskuz brodatuak. Kapitain Etxean bere lehen bilduma aurkeztu du, aurtengo udaberri-uda denboraldirako sortutako proposamena.

Pantiga asturiarrak, bere aldetik, modako argazkigintzan abiatu zuen bere ibilbide profesionala. Iraunkortasunaren defendatzaile sutsua, gizarteak egun duen kontsumitzeko moduaren pentsamendu kritikoa sustatu nahi du. #KosturaKamikaze. Kontsumo gizartearen gogoeta post-apokaliptikoak izeneko proposamena aurkeztu du Jantziaren Zentroan.

Hiru sortzaileak Torrekuan kokatutako Habian! hazitegiko egoiliarrak dira, Errenteriako Udalak eta Oarsoaldea Garapen agentziak 2016 urtean zabaldu zuten artisau eta sormen lanbideei laguntzeko proiektua da Habian!. Honetan, sortzaile bakoitzak hiru urteko epea du bere proiektua garatu, landu eta bertan kokatzeko.

Egunsentia: Torrekuatik diseinatzen erakusketa Jantziaren Zentroaren beheko solairuan doan ikus daiteke otsailaren 28ra arte, honako ordutegi honetan: larunbatetan 11.00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta igandetan 12:00etatik 14:00etara.

Zabaldu: