Eki Mateorena izan zen txapeldunordea Iurretako frontoian jokatu zen txapelketan. Anttonmari Aldekoa-Otalorak jantzi dio garaikurra Aizpuruari.
Iurretako frontoian jokatu zen larunbatean 35. Euskal Herriko Eskolartekoa, 180 lagun ingururen aurrean. Bertan aritu ziren kantuan hamar bertsolari, lurralde ezberdinetako ordezkari. Arabatik, Maddi Agirre eta Sabin Abarrategi, Bizkaitik Haizea Telleria eta Ixone Asategi, Gipuzoatik June Aiestaran eta Danel Etxeberria, Lapurditik Haira Aizpurua eta Ibai Lekuona eta Nafarroatik Kattin Madariaga eta Eki Mateorena. Igor Meñika aritu zen aurkezle lanetan, eta Beñat Vidal gai-jartzaile gisa. Epaile lanak, berriz, Beñat Romerok, Aitor Jimenezek, Nerea Bruñok, Lur Renteriak eta Oihana Arangurenek egin zituzten.
Hasierako agurrekin abiatu zuten larunbateko txapelketa, ondoren, lehen atalean zortziko handian eta zortziko txikian aritu ziren bertsolari guztiak, binaka. Horietatik, sei sailkatu ziren bigarren zatira: Danel Etxeberria, Eki Mateorena, Haira Aizpurua, June Aiestaran, Kattin Madariaga eta Maddi Agirre. Puntu bati erantzun eta bakarka gaiari bertso bat kantatu behar izan zioten sei horiek. Azkenean, Haira Aizpuruak lortu zuen 2023ko Euskal Herriko Eskolarteko txapela, bigarrenez (2021ean ere jantzi zuen), eta Eki Mateorena izan zen txapeldunorde. Anttonmari Aldekoa-Otalorak jantzi zion txapela txapeldunari; txapeldunordeari, berriz, Bertsozale Elkarteko lehendakari taldeko Xabi Igoak eman zion saria. Beste parte hartzaile guztientzako ere izan ziren oroigarriak.
Urte hasieran abiatu zen 35. Eskolartekoa, eta ekainera arte lurraldeetan egin du bidea; denera, ia ehun bertsolari gaztek hartu dute parte lurraldeetako Eskolartekoetan. Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dute gazteen bat-bateko bertsolari txapelketa, eta aurten Iurretako Udalaren laguntza ere izan du egitasmoak.
14 eta 18 urte bitarteko gazteei jendaurrean bertsotan aritzeko plaza eskaintzea eta zaletasuna bultzatzea du helburu Eskolartekoak. Gainera, tokian tokiko ezaugarriak kontuan hartuta, bestelako ekintzak ere egiten dira bat-bateko txapelketaz gain: idatzizko txapelketa edota adin txikiagoentzako lehiarik gabeko topaketak, esaterako.