Hamaika bertsolari aritu ziren Arantzan kantuan eta Nahia Etcheverry izan zen txapeldunordea.
Arantzako frontoian jokatu zen larunbatean 36. Euskal Herriko Eskolartekoa, 250 bertsozaleren aurrean. Hamaika bertsolari aritu ziren kantuan, lurralde ezberdinetako ordezkari. Arabatik Hegoi Amabizka eta Iraide Onaindia, Nafarroa Beheretik Nahia Etcheverry, Bizkaitik Kelmene Abaitua eta Ekhi Zuluaga, Gipuzkoatik June Aiestaran eta Joanes Azpillaga, Lapurditik Haira Aizpurua eta Unax Aizpurua, eta Nafarroatik Kattin Madariaga eta Kattalin Lizarraga. Ainhoa Larretxea, berriz, aurkezle eta gai-jartzaile lanetan aritu zen eta epaile lanak, berriz, Ainhoa Arregi, Ainhoa Sarasua, Aitor Jimenez, Jon Diaz de Mendibil eta Joseba Beltzak egin zituzten.
Hasierako agurrekin ekin zioten bertsolariek finalari ondoren zortziko handian eta zortziko txikian aritzeko, binaka. Horietatik, sei sailkatu ziren bigarren zatira: Haira Aizpurua, Kattin Madariaga, Nahia Etcheverry, Unax Aizpurua, June Aiestaran, Joanes Azpillaga. Puntu bati erantzun eta bakarka gaiari bertso bat kantatu behar izan zioten sei horiek.
Azkenean, Aizpuruak lortu zuen 2024ko Euskal herriko Eskolarteko txapela, eta Nahia Etcheverry izan zen txapeldunorde. Jose Luis Sukiak jantzi zion txapela txapeldunari; txapeldunordeari, adiz, Bertsozale Elkarteko Ainhoa Urienek eman zion saria. Beste parte hartzaile guztientzako ere izan ziren oroigarriak.
Bertsozale Elkarteak azaldu duenez, “14 eta 18 urte bitarteko gazteei jendaurrean bertsotan aritzeko plaza eskaintzea eta zaletasuna bultzatzea du helburu Eskolartekoak. Gainera, tokian tokiko ezaugarriak kontuan hartuta, bestelako ekintzak ere egiten dira bat-bateko txapelketaz gain: idatzizko txapelketa edota adin txikiagoentzako lehiarik gabeko topaketak, adibidez”.