Hamabost artista euskaldun, saharar eta palestinar elkartuko dira Bilbon, Mendebaldeko Sahararen aldeko kontzertuan

Aziza Brahim, artista gonbidatu gisa, Mikel Urdangarin, Oreka TX eta Eñaut Elorrietarekin arituko da. Suilma Aali izango da emanaldian kantatuko duen beste artista sahararra, eta bikote palestinar bat ere izango da: Ahmed eta Nur.

Hamabost artista euskaldun, saharar eta palestinar elkartuko dira datorren larunbatean, hilak 28, oholtza gainean, Bilboko Euskalduna Jauregian, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren 50. urtemuga ospatzeko. Antolatzaileen esanetan, “auditorio nagusia haima handi bat bilakatuko da, saharar identitatearen ikur nagusia baita haima, eta bakarra izango den emanaldian, musikaz gain, antzerkia, dantza eta bertsoak izango dira”. Euskaldunako web orrian eskuratu daitezke azken sarrerak: www.euskalduna.eus

Aziza Brahim abeslari sahararra izango da gonbidatu berezia. Brahimek bakarka kantatuko ditu hainbat abesti, baina euskal abeslariekin ere arituko da. Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak abesti mitikoa Mikel Urdangarin eta Oreka Tx taldearekin batera abestuko du. Eñaut Elorrietarekin 2017an grabatu zuen Desio bat dut abestia, berriz, lehen aldiz kantatuko dute zuzenean bi artistek.

Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetan jaiotako artista -bere amak basamortua zeharkatu zuen haurdun zegoela- pozarren agertu da kontzertuaren harira: “Oso kontzertu berezia izango da, errepikaezina, eta denak gonbidatu nahiko nituzke kontzertura, kausa on batengatik egin baita. Saharar herria 50 urte darama borrokan, zatituta, batzuk okupaziopean eta beste asko erbestean. Herrien askatasuna aldarrikatzeko unea izango da, saharar herriaren askatasuna”.

Brahimek 2017an jo zuen azken aldiz Euskal Herrian. “Bere musika, basamortuko oihartzunez beteta, magiaz beteko du Euskalduna”. Suilma Aali izango da kontzertuan arituko den beste artista sahararra; bere aitaren lurrari eskainitako abesti bat kantatuko du lehenengo aldiz. Aali, gainera, Haizea harrien kontra kanta abestuko du Itziar Ituño eta Olaia Inziarterekin batera.

Iker Lauroba eta Esti Markezek Sahara abestia kantatuko dute elkarrekin. Iñigo Asensio (Postal Kolekzionistak taldea), berriz, Ianire Aranzaberekin (Esanezin taldea) arituko da Hareazko erlojuan. Antolatzaileek zehaztu dutenez, “Mendebaldeko Saharari eskainitako kantak izango dira denak. Konpromisoz, elkartasunez eta aldarrikapenez beteriko ekimen honek keinua egingo dio ere palestinar herriari, Gazako bi artisten emanaldi bereziarekin: Ahmed & Nur. Sorpresaren bat ere izango da tartean Sua Enparantza eta Izaro Urrestarazu dantzarien eta Jon Maia bertsolariaren eskutik”.

Kontzerturako musika banda bat sortu da, Antxon Sarasua, Dani Venegas, Joanes Ederra, Mikel Fagoaga eta Xabier Zeberiok osatua.

Ahaztutako gatazka bat

Saharar herriari babesa erakustea eta ahaztutako gatazka honi ikusgarritasuna ematea du helburu Saharari Kantarik, Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu zuenetik mende erdia bete denean. “Ez dugu ahaztu behar duela bost urte berriz ere gerra hasi zela, herri honek berrogeita hamar urte daramatza erbestean, basamortuen basamortuan, edo okupaziopean, bere lurraldean bertan”.

Emanaldia Euskal Fondoa eta Saharako Lagunen Arabako Elkarteak antolatu dute Bilboko Udalaren eta eLankidetzaren babesarekin. “Saharari Kantari aukera paregabea da, musikaren bidez, 50 urte borrokan eta erresistentzian daraman herriari babesa emateko, eta, bide batez, herri gisa duen askatasun eskubidea aldarrikatzeko. Musika, beraz, justiziaren eta giza eskubideen defentsarekin konprometitutako bi herri eta bi kulturen arteko topaleku bihurtuko da”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna