Ekhiñe Zapiainek irabazi zuen iaz Nafarroako Eskolarteko Txapelketa (argazkia: Bertsozale)

Hamaika bertsolari gaztek hartuko dute parte Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan, Lesakan

Harriondoa Kultur Etxean izango da saioa, maiatzaren 29an, 17:00etatik aurrera.

Ainhoa Arrizabalaga (Iruñea), Amaiur Goñi (Bera), Beñat Astiz (Barañain), Bittori Elizalde (Iruñea), Eki Mateorena (Leitza), Etxahun Azkarraga (Etxalar), Harriet Artieda (Etxarri-Aranatz), Iraia Agirre (Altsasu), Larraitz Goikoetxea (Altsasu), Oinatz Zelaia (Bakaiku) eta Olatz Bados (Altsasu) izango dira Nafarroako Eskolarteko Txapelketako 35.edizioan parte hartuko duten hamaika bertsolariak. Ainhoa Larretxeak aurkeztuko du saioa, eta Aimar Sagastibeltza, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena izango dira saioko epaileak.

Bertsozalek azaldu duenez, txapelketak bi fase izango ditu: Lehenengo fasean bertsolari guztiak arituko dira, eta honako hau da egin beharko duten lana: Lau oinak emanda bertso bana osatu, bukaera emanda bertso bana osatu, hitza gaitzat hartua bertso bana osatu. eta amaitzeko, gai orokorra emanda, bost puntuko bertso bana osatu.

Hortik, lau bertsolari sailkatuko dira bigarren fasera, eta honako hau da sailkatuek egin beharko duten lana: Zortziko handian, ofizioka, bina bertso eta kartzelako lana.

Lan guztiak eginda puntu gehien biltzen dituen bertsolariak jantziko du aurtengo txapela. Txapelketako lehenengo bi sailkatuak, gainera, Euskal Herriko Eskolartekorako sailkatuko dira, Nafarroako ordezkari gisa.

Saioa 17:00etan hasiko da Lesakako Harriondoa Kultur Etxean. Sarrera doakoa izango da, eta nafarroa@bertsozale.eus helbidera idatziz erreserbatu ahalko da. “Aretoaren edukiera %50ekoa izango da, eta osasun neurriak errespetatzen direla bermatuko da saio guztian zehar”.

Zabaldu: