Adin eta nazionalitate guztietako herritarrek har dezakete parte lehiaketan. Taldeka nahiz banaka. Lanak azaroaren 27ra arte bidali ahal izango dira. Sari-banaketa 2020ko abenduaren 15ean izango da.
Donostia Kulturak eta DK Irratiak Hamaika entzuteko! irrati-piezen lehiaketaren seigarren edizioa antolatu dute. Lehiaketa honek irrati-pieza labur eta originalen ekoizpena eta hedapena bultzatzea du helburu.
Parte-hartzaileek gehienez bost minutuko piezak aurkeztu ahal izango dituzte, gaztelaniaz edo euskaraz. Gaia guztiz askea izango da, eta edozein motatako pieza izan daiteke. Aurkeztutako lanaren originaltasuna, sormena eta interesa izango ditu kontuan epaimahaiak. Antolakuntzak nabarmendu duenez, “epaimahaikideen erabakia apelaezina izango da. Epaimahaiak eman gabe utz dezake sari horietatik edozein”.
Donostia Kultura Irratiak parte hartzaileen zerbitzura jarriko ditu bere estudioak eta baliabideak, eta aurkezteko irrati-pieza bertan grabatzeko eta editatzeko aukera eskaintzen du, nahi izanez gero.
dkirratia@donostia.eus helbidean lanak aurkezteko epea irekita dago, eta azaroaren 27a izango da azken eguna.
Bi sari banatuko dituzte: Irrati-pieza onenaren saria: 800 euro, eta Euskarazko irrati-pieza onenaren saria: 600 euro. Euskarazko audio onenaren saria euskaraz aurkeztutako audio onenari emango zaio, baldin eta irrati-pieza onenaren saria lortu ez badu.
Sari-banaketa 2020ko abenduaren 15ean egingo da.
Oinarriak ikusteko, hemen.