Charles Vanel zinemagilearen Dans la nuit filma

Hamar klasiko proiektatuko dituzte Lumière Emanaldietan, bihartik ekainera bitartean

Izenburuen artean zinemaren historiako parte diren zuzendarien lanak aurkituko ditugu, hala nola C.T. Dreyer, Francis Ford Coppola, Martin Scorsese, Wim Wenders eta Buster Keaton, besteak beste.

Euskadiko Filmategiak, Lyongo Lumière Institutuarekin eta Donostiako Zinemaldiarekin elkarlanean, hamar film programatuko ditu bihartik ekainera bitartean, Filmategiko arduradunek azaldu dutenez, hainbat klasiko eta zenbait aurkikuntza izango dira. “Izenburuen artean zinemaren historiako parte diren zuzendarien lanak aurkituko ditugu, hala nola C.T. Dreyer, Francis Ford Coppola, Martin Scorsese, Wim Wenders eta Buster Keaton, besteak beste. Horretaz gain, hain ezagunak ez diren beste batzuen obrak ezagutzeko aukera ere emango digu zikloak, adibidez Kinuyo Tanaka, Gilles Grangier eta André Cayatte”.

Proiekzioak bihar, ostirala, hasiko dira Donostiako Tabakalera zentroan. Lehenengoa Dans la nuit (Charles Vanel, 1929) izango da, baina film guztiak Gasteizko Artium Museoan ere ikusi ahal izango dira, baita EHUren Bilboko Bizkaia Aretoan eta Iruñeko Golem zinema aretoetan ere. Gainera, Donibane Lohizuneko Le Select zinema aretoetan zikloaren lau proiekzio egingo dira.

Dans la nuit filmaren proiekzioarekin batera, Joserra Senperena musikari donostiarrak zuzenean joko du pianoarekin zinta horrentzat berariaz sorturiko partitura.

Three Ages (Buster Keaton, Eddie Cline, 1924) filmaren emanaldian ere pianoa izango da protagonista. Zinema mutuaren obra garrantzitsuetako bat den lana Bolognako filmategiak berritu du eta lehen aldiz ikusi ahal izango da kontserbatu diren material guztiekin. Senperenak musikaz lagunduko du istorioa Donostian eta Josetxo Fernandez de Ortega Jauregik Gasteizen, Bilbon eta Iruñean.

Lumière Emanaldiek beste lan batzuk berreskuratuko dituzte, hala nola Chibusa yo eiennare (1955), Kinuyo Tanaka zinemagile japoniarraren lanik onenetako bat. Tanakaren filmek emakumeak izaten dituzte ardatz eta kameraren atzean jarri aurretik Kenji Mizoguchi, Mikio Naruse eta Yasujiro Ozu zuzendarientzat aktore gisa egin zuen lan, beste batzuen artean.

1955. urtekoak dira, halaber, Ordet (Carl Theodor Dreyer) danimarkarra, Veneziako jaialdian Urrezko Lehoia irabazi eta zinemaren historian arrastoa utzi duen maisulana; eta herrikoiagoa den Gas-oil, Lumière Institutuak 50eko hamarkadako Frantziako zinemaren izen handi gisa aldarrikaturiko Gilles Grangier zuzendari gutxietsiak zuzendua.

Emanaldi hauek proposatuko duten beste berraurkikuntzetako bat gerraondoko Frantziako gizartearekin konpromiso sendoa izan zuen Andre Cayatte zuzendari errebelde eta inkonformista da. Zikloak Justice est faite (1950) berreskuratu du, haren lan adierazgarrienetako bat. Horretaz gain, programak frantziar zinemaren beste ezinbesteko izenetako baten lana ere bilduko du, haren filmografiaren zaharberritzeei esker berraurkitua: Jean Eustacheren Mes petites amoureuses (1974).

Programa osatzeko zinemagintza garaikidearen funtsezko hiru egilek zuzenduriko filmak eskainiko dira: Apocalypse Now: Final Cut (1979-2019), gizakiei eta gerrari buruzko gogoeta bat da, Francis Ford Coppolaren klasikoaren azken bertsioa eta estreinatu zenetik 40 urtera zaharberritua; Raging Bull (1980), Robert De Niro protagonista duen Martin Scorseseren maisulan ikonikoaren 4K-n zaharberritutako kopia bat da; eta Im Lauf der Zeit (1975) berreskuratua, Wim Wenders zuzendari alemanaren ibilbidean erabakigarria izan zen eta Donostian Thierry Fremaux Canneseko zinema-jaialdiaren zuzendariak aurkeztuko duen zinta.

Sarrerak Internet bidez eta proiekzio guneetan eskuratu ahal izango dira, Bizkaia aretoan izan ezik, Bilbon egingo diren emanaldietarako sarrerak bertako Arte Ederren Museoan egongo baitira salgai.

Zabaldu: