'Adabaki' ikuskizuna

Hamar musika eta antzerki jarduera irailerako, Arabako bederatzi udalerritan

Bihar emango zaio hasiera zikloari Agurainen eta Kripanen.

Vital Fundazioak Arabatik programa antolatu du hil honetarako, hainbat musika eta antzerki jarduerarekin. Kripan, Zuhatzu Kuartango, Argantzon, Ekora, Zurbao, Berantevilla, Bastida, Etxaurren eta Agurain izango dira emanaldiak hartuko dituzten udalerriak.

Bihar, ostirala, esaterako, Aguraingo plazan izango da lehen proposamena, arratsaldeko 17:30etik aurrera. Kaos#kosmos-en agertokia musika eta literatura bateratzen dituen ikuskizuna da, Antton Aranbururen eta Amaia Canteroren eskutik. Istorio bitxiez betetako abestien eta kontakizun xelebreen bitartez, Aranbururen ahotsarekin eta gitarrarekin, Canterok hainbat kontu kontatuko ditu eta haren koruekin koloreztatuko ditu bere kideak idatzitako abestiak.  Arratsaldeko 20:00etan, Kripaneko elizako plazak, berriz, Rolling Stonesen bertsioak hartuko ditu, Los Satisfechos taldearen eskutik.

Larunbatean, arratsaldeko 19:30ean, Zuhatzu Kuartangoko Antzoki Bainuetxera gerturatuko diren pertsonek swing, western swing eta rhythm’n’blues erritmoekin gozatu ahal izango dute Dr. Maha’s Miracle Tonic taldearekin. 30eko eta 40ko hamarkadetako musikaren bitartez, XX. mende hasierako Medicine Shows direlakoei egiten die omenaldia.

Ordu erdi beranduago, Joyful Gospel Choir-ek abestuko du Argantzongo elizan. 35 taldekide eta bost musikari profesionalek osatutako talde hau Arabako Abesbatzen Federazioan sortu zen, eta askotariko abestiak abesten dituzte, musika afroamerikarraren historikoak, espiritualetik hasi eta egungo gospelera. Ekorako tabernako plazan, bestetik, dantza egiteko musika eskainiko da, eta Zurbaoko elizako plazan, La Movida taldeak itxiko du jardunaldia. Lau musikarik osatutako talde honek 80ko eta 90eko abestien bertsioak eskainiko ditu.

Igandean, Manuel Iradier Abesbatzak Berantevillako elizan abestuko du, eguerdiko 12:30ean. Zirkulanduz konpainiak, berriz, Beldurrik ez lana antzeztuko du Aguraingo plazan. Handik ordu betera, Bastidako La Asuncion elizan, Joyful Gospel Choir taldeak musika afroamerikarraren historiatik ibilbidea errepikatuko du.

Asteburuan, arratsaldeko 17:00etan, Etxaurreneko udal igerilekuan, Adabaki izeneko clown ikuskizuna eskainiko da, nazioarteko hizkuntzan: keinuen bitartez. Ada eta Baki pailazoen jolasek emozioz, ezustekoz, kolpez eta magiaz betetako unibertso batera eramango gaituzte.

Zabaldu: