2026ko urtarrilaren 3an izango da zuzenekoa eta sarrerak apirilaren 1ean jarriko dira salgai, 11:30ean, www.nogenband.com helbidean.
Nøgen taldeak hamar urte beteko ditu 2026an eta urteurren hori ospatzeko, Donostiako Kursaal Auditorioan kontzertu bat antolatu du 2026ko urtarrilaren 3an. Zuzeneko horrekin, gainera, ibilbideari amaiera emango diotela adierazi dute taldekideek: “inoiz ez dugu jakin nora goazen, baina bai aukeratu dugu nola eta norekin. Pasa dira trenak, hartu ditugu batzuk eta beste batzuk ez, azken finean, edozein gazteren antzera ahal bezala egin dugu aurrera. Azken diskoan etxe bat irudikatu dugu abestietan eta kontzertuetan, babesgune bat basoaren erdian. Eta orain, hamar urte betetzen ditugun honetan, aro honi amaiera eman beharrean aurkitzen gara. Kutxak bete eta etxea hustu. Hurrengo geltokiaren bila”.
Åben Cirkel (Airaka, 2023) izan da boskote donostiarrak kaleratu duen azken diskoa eta honetan etxe bat irudikatu zuten taula gainean eta hori defendatuz aritu dira Euskal Herriko eta atzerriko hainbat plaza eta aretotan. Orain alde egiteko garaia dela uste dute, “guztia batu eta etxea atzean uztekoa”. Horrela irudikatu dute kontzertua iragartzeko egin duten bideoan, Antton Telleria eta Mikel Oyarzabal lagun dituztela.
2016. urtean hasi zen taldea abestiak konposatzen, hiru disko luze (Liv til døden, Under Alt, Åben Cirkel) eta disko labur bat (Lys) plazaratu dituzte urte guzti hauetan, eta hainbat herrialde eta plazatan jotzeko aukera izan dute, Japonia, Finlandia eta Kuba, besteak beste, dira horren adibide. Beti bideari garrantzia emanez, helmugaz haratago, gertutasuna eta naturaltasuna izan dituzte aldarri.
Azken kontzertua
Kontzertua 2026ko urtarrilaren 3an izango da, arratsaldeko 19:30ean eta sarrerak apirilaren 1etik aurrera jarriko dituzte salgai, taldearen eta Kursaal auditorioaren webguneetan. Eszena Kideek lau eguneko aurresalmenta izango dute, martxoaren 28tik apirilaren 1era bitartean.