Haratzago lelopean, maiatzaren 19an Lekeition ospatuko da Ibilaldia

Umea ardatz izanik Haratzago joan eta hezkuntza eraldatzeko hautua egin du Lekeitioko Azkue Ikastolak.

Modu horretan, ikastola berri eta aberats bat eskaini nahi dio ikasleari, bere osotasunean garatu dadin. 2019ko maiatzaren 19an Lekeition ospatuko den Ibilaldiak eredu berri honen erakusleihoa izan nahi du, orain arte ikastolan landutakoa ezagutzera eman eta aurrera begira egin beharrekoak zehazteko. Alabaina, herriko ikastolan egindakoaren berri emateaz gain, publikotasun eredu propioa eraikitzeko beharrezko eztabaida ere plazaratu nahi dute aurten Ibilaldiko antolatzaileek.

Ikastolen Elkarteak zazpi lurraldeentzako egitura bakarra eskaintzen du. Sarako Olhain ikastolatik hasi, eta Argantzongo ikastolaraino. “Gure herria gaurdanik irudikatzeko ezinbesteko tresna gara, baita euskal identitatearen eraikuntzan abiatzen diren Ikastola guztien bideragarritasunean ere”, azaldu du Ibon Goitia Azkue Ikastolako zuzendariak. Hori dela eta, Ikastolen Elkarteko jarduera auzolanaren bitartez bermatzen da Euskal Herri osoan. “Administrazio ezberdinek ukatzen duten sostengu ekonomikoa, ikastola guztien artean bermatuz. Euskararen eta euskal identitatearen eusle ezinbestekoak gara herri honetan!”, gaineratu du Goitiak.

Zabaldu: