(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Haritz Mujika finalaurrekoetarako sailkatu da

Atzoko saioa irabazita, Donibane Garazin kantatuko du Mujikak urriaren 29an.

Gasteizko Europa Jauregian jokatu zen atzo Bertsolari Txapelketa Nagusiaren lehen faseko saioa 650 lagunen aurrean. Zozketak ebatzitako ordenan sartu ziren sei bertsolariak Maria de Maeztu entzunaretora: Manex Agirre Arriolabengoa, Iban Urdangarin Lardizabal, Miren Artetxe Sarasola, Amaia Iturriotz Etxaniz, Xabat Galletebeitia Abaroa eta Haritz Mujika Lasa. Gai jartzaile lanetan, berriz, Oier Azkarraga Grajales aritu zen.

Ariketaz ariketa puntuak bilduz, Haritz Mujika izan zen puntu gehien bildu zituen bertsolaria: 695,5 puntu. Hurrenez hurren geratu ziren Miren Artetxe 670 punturekin, Iban Urdangarin 660,5 punturekin, Xabat Galletebeitia 655,5 punturekin, Amaia Iturriotz 648 punturekin eta Manex Agirre 573,5 punturekin. Atzoko saioa irabazita, Donibane Garazin kantatuko du Mujikak urriaren 29an. Beste bost bertsolariak zain egon beharko dira finalaurrekoetan nork kantatuko duen jakiteko.

Aurreko saioetan bezala, seikote hau arduratu zen bertsoei puntuak jartzeaz: Egoitz Iradier Martinez de Albeniz, Eneko Bidegain Aire, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Karlos Ibarguren Olalde, Leire Beloki Lizarralde, Miriam Juaristi Urizar eta Saioa Mitxelena Irazoki. Idazkari lanetan Joxe Mari Altuna Berridi eta Itziar Basterretxea Olarreaga aritu ziren.

Asteburu honetan, beste bi saio

Lehen faseko azken bi saioak hurrengo asteburuan jokatuko dira Donostian eta Lizarran, 17:00etatik aurrera. Saioetako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude salgai; egunean bertan, 15:00etan zabalduko da txarteldegia.

Zabaldu: