Irati Jimenezen 'Ogia eta zirkua' liburuaren aurkezpena (argazkia: Kultur Sharea)

[Bideoa] Harkaitz Canoren ‘Neguko zirkua’ liburuan oinarritutako saiakera aurkeztu du Irati Jimenezek

Ogia eta zirkua da liburuaren izenburua. Idazleak Bilboko Udalaren Miguel de Unamuno saria jaso zuen iaz proiektuagatik.

Harkaitz Cano idazlearen Neguko zirkua narrazio bildumaren analisia ondu du Irati Jimenez idazleak (Bermeo, 1977) Ogia eta zirkua izenburupean. Bizkaitarrak Canorekin eta Uxue Razquin Ereineko editorearekin batera aurkeztu du liburua, Donostian.

Jimenezek Canoren Neguko Zirkua-ren baitan beste liburu bat aurkitu duela azaldu du Razquinek, “liburu bat irakurtzen dugunean, hausnarketak egiten ditugu eta testutik ideiak ateratzen ditugu. Zortea baldin badugu, lagunekin konpartitzen dugu”.

Editorearentzat “liburu honen atzean idazle bat dagoela argi dago, baina esango nuke batez ere irakurle bat dagoela, irakurle bat bere inpresioak kontatzen ari zaigulako, berak ezkutuan aurkitu edo ulertu duena. Irakurle bat ari da esaten harkaitz Canoren literatura zenbat gustatzen zaion eta oro har literatura zenbat maite duen. Literaturan hori gertatzen bada gauzarik ederrenetarikoa da”.

Jimenez gai izan da narrazio multzo baten hausnarketa istorio bihurtzeko, “saiakera bera da kontakizuna, badu intrigatik, badu abenturatik eta gainera planteatzen duen tesia oso zentzuzkoa da, irakurlea bideratzen du hori sinestera eta primeran funtzionatzen du”.

Idazlea Miguel de Unamuno lehiaketaren irabazlea izan zen iaz euskarazko lanen atalean, Erabakiak eta esanahiak, hautuak eta sinboloak. Idazkera kontzientea eta inkontzientea Harkaitz Canoren ‘Neguko Zirkua’ izeneko lanagatik eta urtebete izan du proiektua garatzeko. “Ogia eta zirkua analisi literario nahiko ezohikoa da, ipuin bilduma baten baitan dagoen beste narrazio bat, nobela ikusezin bat deskubritu nahi duena”, adierazi du Jimenezek.

“Liburua altxorraren entusiasmoarekin doan ume baten espirituarekin idatzita dago”, aitortu du egileak.

Zabaldu: