Harrapazank gazteentzako euskarazko aisialdi programa abian da Bilbon

Ekimen honetan 10 eta 16 urte bitarteko gazteek beren sormena eta talentua euskaraz erakusteko eta garatzeko aukera izango dute.

Harrapazank programa Euskaltzaleen Topaguneak Bilboko Udalarekin elkarlanean garatzen du, eta hiriko gazteen artean euskara sustatzea du helburu, “aisialdirako aukerak eskainiz, erakargarriak eta haien gustuen araberakoak”, azaldu dute. Aurten Aukeratu zure bidea! izenburua izango du. Sormena, musika, bideo-jokoak…

19. edizio honetan, gainera, Game eta Kale Ginkana tailerrak izango dira 2024ko nobedade nagusiak. Parte-hartzaile bakoitzak nahiago duena aukeratu ahal izango du.

Izena emateko epea otsailaren 15etik 29ra arte egongo da irekita, Harrapazank programaren webgunean, eta martxotik maiatzera bitartean abian jarriko da.

Programa honen xedea da 10 eta 16 urte bitarteko gazte bilbotarrek euskara ezagutu eta erabiltzea aisialdiko jardueretan, eta, era horretan, euren guneetan eta denbora librean euskararen aldeko motibazioa eta euskararen erabilera indartzea. Gainera, programa honetan zeharkako gaiak ere landuko dira, balioekin zerikusia dutenak, hala nola berdintasuna, inklusioa, dibertsitatea eta osasuna.

Programak ahalik eta gazte gehienengana iristeko pentsatutako eta prestatutako jarduerak eskaintzen ditu. Bilboko areto, udaltegi eta kaleetan egiten dira, aisialdia euskaraz gozatzeko eta euskaldunen artean sareak ehuntzeko.

Edizio honen eskaintza guztia Harrapazank programaren webgunean dago.

Zabaldu: