Harrapazank gazteentzako euskarazko aisialdi programa martxan da Bilbon

Ekimen honetan 10 eta 18 urte bitarteko gazteek beren sormena eta talentua erakusteko eta garatzeko aukera izango dute.

Harrapazank programa Euskaltzaleen Topaguneak Bilboko Udalarekin elkarlanean garatzen du, eta Bilboko gazteen artean euskara sustatzea du helburu, “aisialdirako aukerak eskainiz, erakargarriak eta haien gustuen araberakoak”, azaldu dute.

Aurten, egungo osasun egoeraren ondorioz, programazioaren zatirik handiena online eskainiko da, nahiz eta aurrez aurreko jarduerak ere aurreikusita dauden.

Itxaso Paia Topaguneko ordezkariak eta Koldo Narbaiza Euskara eta Hezkuntza zinegotziak 16. edizioaren xehetasunak aurkeztu dituzte gaur goizean; besteak beste, talentu eta bideo-joko lehiaketak, eta online tailerren eskaintza izango dira.

Egitaraua

Eszena talentu-lehiaketa da aurtengo egitarauak jasotzen duen jardueretako bat. Honetan, Bilboko gazteek aukera izango dute arterako dituzten trebetasunak erakusteko, dela antzerkian, dantzan, musikan, bakarrizketetan, txiste kontaketan edo bestelako arlo batzuetan.

Lehiaketak bi kategoria izango ditu: Juniorra, 10 eta 13 urte bitartekoena, eta Seniorra, 14 eta 18 urte bitartekoena: parte hartzeko interesa dutenek bideo bat bidali beharko dute, “beren talentuaren erakustaldi bat eginez”. Bideoa Harrapazank webgunera igo beharko dute otsailaren 26a baino lehen. Jasotako bideo guztien artean, 25 onenak hautatuko dira, eta haien egileek online coach-en laguntza eta gida izango dituzte beren proposamenak hobetzeko. Tutoretza horiek martxoaren erdialdean hasiko dira, eta Aste Santuko eskola-oporrak baino lehen amaituko dira.

Prozesu horretan, hasierako 25 bideoen artean, 20 gazteren bideoak hautatuko dira: hamar, kategoria bakoitzeko, eta azken fasean parte hartuko dute. Era horretan, osasun egoerak ahalbidetzen badu, azken galak maiatzaren 28an eta 29an egingo dira Bilborock aretoan.

Bestalde, Harrapazank programan bada T(r)ailerrak izeneko atal bat, eta bertan, 23 tailer eskainiko dira online, otsailean eta martxoan zehar, asteartero. Ez da beharrezkoa izango izena aldez aurretik ematea.

Tailer hauek hiru modalitatetan daude banatuta: eskulanak, musika (gitarra jotzen ikasteko tutorialak) eta gorputz mugimendua (gorputz ariketak, etxean egiteko). Astean hiru saio eskainiko dira eta asmoa da “edukia erakargarria izatea eta gazteek kontsumitzeko erraza”.

Klikazank bideo-jokoen lehiaketa ere egingo da aurten. Honetan, Bilboko gazteek bideo-jokoak euskaraz eskura izango dituzte, elkarrekin online jolasteko. Lehiaketaren helburua da euskararen erabilera sustatzea gazteen ingurune digitalean.

Interesdunek banan-banan eman beharko dute izena webgunean. Lehiaketa apirilean egingo da, eta puntu gehien lortzen dituena apirilaren 30ean egingo den finalean izango da. Irabazleak 100 euroko bonu bat irabaziko du, bideo-jokoen online dendetan gastatzeko. Bigarrenak, berriz, 50 euroko bonua irabaziko du.

Harrapazank programak, gainera, kalean egiteko jarduerak ere eskainiko ditu, osasun egoerak ahalbidetzen badu. Hala, maiatzeko asteburu guztietan hainbat jarduera eskainiko dira goizez eta arratsaldez. Hauen artean graffiti tailerren dago, baita Parkean Party izeneko zirkuitua ere. Gainera, maiatzaren 22an Harrapazank jaia ospatuko da, eta bertan, jolasak, opariak eta erronkak egongo dira.

Jarduera guzti horietan, gehienezko jende kopurua mugatuta egongo da, eta parte hartzeko, email bat bidali beharko da martxoaren 31 baino lehen.

 

Zabaldu: