‘Harrera’ abesti solidarioa aurkeztu du Patxuko Nicek

Patxuko Nice taldeak Harrera abesti solidarioa aurkeztu du gaur Irungo Lakaxita gaztetxean, iazko uztailean Irungo Harrera Sarea sortu zen lekuan. Musika, antzerkia, zinema eta elkartasuna arloetan lan egiten duten pertsonek abiatutako proiektuaren barruan kokatzen da abestia.

Aurkezpenean proiektuaren sortzaile Sergio Patxuko eta Irungo Harrera Sareko kide Malen Garmendia izan dira eta azaldu dutenez, Harrera abestia euro baten truke deskargatu daiteke hemen.

irabaziak Irungo Harrera Sarearentzat izango dira. Ordoñezek adierazi duenez, “proiektuarekin migratzen ari diren pertsonekiko elkartasuna adierazi nahi izan dugu,  eta baita sareko boluntarioek egiten duten lan ikaragarria omendu ere”.

Abestiarekin batera bideoklipa grabatu dute, eta gaurko aurkezpenean proiektatu dute lehen aldiz. Adrian Fernandez eta Oskar Marcos zinegileek grabatu dute pieza eta bertan laguntza jaso duen migratzaile batek parte hartu du.

‘Harrera’ abestiari lotuta, ekainaren 1ean egun osoko jaialdi solidarioa egingo dute Lakaxitan. Hurrengo asteetan emango dituzte jaialdiari buruzko xehetasunak baina gaur aurreratu dutenez, kultur adierazpen asko uztartuko ditu jardunaldiak: musika, artea, zirkua, dantza … Musika izango da protagonista nagusia. Gaur izenik eman ez duten arren, dagoeneko hamabost musika emanaldi inguru hitzartu dituztela aurreratu dute, bakarlariak, taldeak eta DJ-ak.

Irungo Harrera Sarea 2018ko uztailean sortu zuten Lakaxitan, orduan hirira iristen hasi ziren migratzaile taldeei erantzuna emateko. Garmendiak azaldu duenez, ordutik ehunka izan dira lagundu duten pertsonak, modu batean edo bestean: “Arlo, giro eta pentsamolde desberdinetako pertsonek osatu genuen sarea, helburu berarekin: Irunera iristen diren pertsona migratzaileak ongietorriak direla erakusteko, eta haien bidai luzearen zati txiki honetan gure babesa dutela sentitu dezaten”.

Erakundeen dispositiboak abiatu arte Lakaxitan babestu zituzten migratzaileak. Garmendiak erakundeen erantzuna kritikatu du, motz geratu delakoan: “Erakundeak dira harrera sistema duin eta integrala eskaini behar dutenak. Argi dago, gainera, Europako herrialdeen migrazio politika dela pertsona hauek modu klandestino eta arriskutsuan bidaiatzera kondenatzen dituena, zirkulazio librerako eskubidea behin eta berriro urratzen zaielarik. Horregatik, euren denbora elkartasunera eskaini dieten pertsonei esker ona adierazi die Irungo Harrera Sareko kideak: “Gurera datorren edozein pertsona goxo eta ongi tratatzea oinarrizkoa da. Errazena ezikusiarena egitea bada ere egoera honen aurrean lan egitea erabaki dutenei euren laguntza eskertu nahi diegu”.

Zabaldu: