(argazkiak: Durangoko Azoka)

‘Hartzea ematea DA!’ lelopean dator aurtengo Durangoko Azoka

59. edizioak Euskal kulturaren hartzaile premiari erantzuteko ahalegina egingo du. Udatxo eta Balu artistena da aurtengo irudia.

59. Durangoko Azokaren lema eta kartela aurkeztu dituzte gaur, Landako gunean egindako prentsaurrekoan. Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidentea pozik agertu da gaur egun Durangoko Azoka indartsu bat izateagatik, baina oraindik lanerako beharra dagoela nabarmendu du. “Hasierako ametsak marrazten joan gara urteotan guztiotan, eta begira zelako irudia sortu dugun: koloretsua, anitza, indartsua eta ederra, benetan ere. Iaz esaten genuen bezala, fantasia hutsa. Hala ere, euskarak oraindik badu lan horren beharra, eta Gerediaga elkartetik ekinean jarraitzeko asmoa dugu, euskarak ez baitu trabarik eta epairik behar, guztiok kabitzeko moduko bide zabalak baizik”.

Aurten geruza ugariko topaketa eratuko dela esan du Mujikak, eta “hartu-emanak eta ideia berrien sinergiak sustatzeko plaza” izango dela adierazi du. Abenduaren 5etik 8ra izango da.

Beñat Gaztelurrutia Durangoko Azokaren koordinatzaileak azaldu duenez, “euskal kulturgintzako komunitatea pozten denean Durangoko Azokako antolakuntza ere poztu egiten da, eta premiak dituenean, gu ere kezkatu egiten gara”. Horregatik “azoka on bat” antolatzen saiatzen direla nabarmendu du, “badakigulako azoka birika bat izaten dela, eta ez birika sinbolikoa soilik”.

Aurtengo leloari dagokionez, Hartzea ematea DA! hautatzeko zergatiak esplikatu ditu Gaztelurrutiak. Kultura jasotzea, gizarteari bueltan emateko bide bat dela aipatu du, eta euskaraz jasotzen den kulturak, euskaraz eta euskara indartsuago batean bizitzen lagunduko digula ere bai. Gainera, euskal kulturak bizi duen egoerari erreparatuta, kulturazale edo hartzaileen ekarpenari balioa eman dio. “Jakin badakigu euskarazko sorkuntza oso aberatsa dela, baina ez dauka nahikoa hartzaile bere herrian. Hor dago premia momentu honetan eta Durangoko Azokak horri erantzuteko ahalegina egingo du, Azokara etortzea, ikustea, hartzea… kulturgintzari hauspoa ematea ere badelako”. Koordinatzailearen esanetan, “irakurtzea bestela idaztea den bezala, entzutea kantatzea da, ikustea antzeztea, aditzea pentsatzea, eta Durangoko Azokan egotea euskal kulturaren alde egitea da”.

Udatxo eta Balu artisten irudia

Aurtengo azokaren “kartela hainbat ikuspuntutatik berritzailea” dela azpimarratu du antolakuntzak. Hasteko, egile biren arteko elkarlanetik jaio delako, Udatxo eta Balu artisten sormenetik. Horrez gainera, sorkuntza prozesu bereziaren emaitza da: geruza ugariko artelan bat sortu, eta pieza hori kartelean integratu dute. Aurkezpenean prozesu horren muntaketa irudikatu dute, eta lema mihise batean margotu ere bai. Bestelako elementuen artean, eskuak ageri dira irudian. Udatxok aipatu duenez, “eskulana da guretzat garrantzitsuena, eskuak baitira gure eguneroko tresna”.

Udatxo muralista eta margolaria da eta Balu diziplina anitzeko artista da. Azken honek deskontestualizazioaren eta transmutazioaren teknikak jorratzen ditu, besteak beste.

Collage-rako lanean, euskal kulturaren erreferentzia diren irudien eta azokako aurreko edizioetako kartelen zatiak itsatsi dituzte; atzoko sormenetik hartuz, gaurko artelan berri bat emateko. Izan ere, Durangoko Azoka transmisio horren erakusle ere bada.

Geruzak eta koloreak gehitzen joan ahala, kartela forma berezi bat hartzen zihoala konturatu ziren sortzaileak, Baluk kontatu duenez, “kasualitatez, nabaritu genuen kartelaren forma bihotz batena zela, eta hasi ginen solasten bihotzak ere hartu-eman bat duela, odola gorputz guztira garraiatzen”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna