Euskaltzaleen Topagunea Taupa euskaltzaleen mugimendua izango da aurrerantzean. Hala, euskara elkarteen topagune izan beharrean, euskaltzaleen mugimendua izango da.
Egitasmo berria larunbatean aurkeztu zuten Bilboko Kafe Antzokian eta bertan, hasiera berri bat irudikatu dutela adierazi zuten han bildutakoek, “Taupa, euskaltzaleen mugimendua izango gara, eta Euskal Herri osoko euskaltzaleak saretuko ditugu. Izena ez ezik, izana ere aldatzera goaz, beraz. Eraldaketa sozial sakon bat eragin nahi dugu, eta aldaketa norberarengandik hasten dela jakitun, garena eta egiten duguna ezbaian jartzera, eta aurrerantzean izan eta egin nahi duguna berrasmatzera ausartu gara. Gauzak aldatzeko sortu ginen, eta gauzak aldatzera goazelako, eragin nahi dugun tamainako eraldaketa gorpuztea dagokigu”, adierazi dute.
Euskal Herri osoko euskaltzalez osatutako mugimendu zabal bat irudikatu dute, euskara elkarteen bazkideetatik hasi, eta harago iristeko gai izango dena. Nabarmendu dutenez, “euskara elkarteak izan dira eta izango dira mugimenduaren muina, baina aurrerantzean, elkarteetan antolatuta egon gabe ere, euskararen alde ekarpena egin nahi duten herritarrek euskaltzaleen mugimendura batzeko aukera izango dute, eta elkarterik ez dagoen herri eta eskualdeetan bizi diren euskaltzaleek nazio mailako mugimenduarekin harreman zuzena izango dute”. Beraz, euskara elkarteen topagune izatetik euskaltzaleen mugimendu izatera igaro dira, eta herri batzuetan jardutetik Euskal Herri osoan antolatzera.
Izan ere, asko dira antolatuta egon edo ez, nork bere erara, ekarpena egiten diotenak euskarari eta hiztun komunitateari. “Honaino iritsi bagara, milaka euskaltzaleren kemenari eta bizinahiari esker izan da. Zer gertatuko litzateke euskaltzale horiek guztiak saretuta egongo balira? Elkarren berri izango balute? Elkarrekin ahalduntzeko eta aktibatzeko modu berriak izango balituzte? Eta zer gertatuko litzateke, gainera, herri proiektu ilusionagarri baten eragile izan daitezkeela sentituko balute?”.
Egitasmo berri honetako kideek diotenez, “gurea herri proiektu eraldatzaile bat da, komunitate anitz, berdinzale eta justuago baten alde egiten duena, eta bestelako mugimendu sozial eraldatzaileen intersekzioan kokatzen dena. Sinestuta gaude komunitategintza dela euskararen aldeko konplizitateak orain arte baino esparru gehiagotara zabaltzeko gakoetako bat, eta norabide horretan sakondu nahi dugu. Gurean, ez baita prozesu eraldatzailerik izango euskararik gabe, eta euskarak ez du etorkizunik izango eraldaketa sozialik gabe”.
Hala, euskarak eta herri honek jauzi bat behar dutela azpimarratu dute. “Aurreko belaunaldien lorpen nagusia euskararen ezagutza hedatzea izan bazen, egun euskararen alde gabiltzanon erronka erabilera biderkatzeko baldintzak sortzea da”. Horretarako, euskararen auziak agenda publikoan lehentasuna lortu beharko duela uste dute, “adostasun sozial, politiko eta instituzional berriak josi beharko dira, eta orain artekoak baino anbiziotsuagoak izango diren neurriak hartu. Eta horrekin batera, euskaltzale aktibista gehiago beharko ditugu, korrontearen kontra ere, euskaraz bizitzeko hautua egingo dutenak, eta eraldaketa gorpuztuko dutenak”.