“Hasierako aurreikuspen guztiak bete eta gainditu ditugu”

Landako Guneko biltegian lanean jarraituko dute hurrengo egunetan jasotako eskari kopuruari aurre egiteko. 7.800 erosketa egin dira eta 50.000 kulturzalek egitarauaz gozatu dute.

Milaka kulturzaleren babesari esker, Durangoko Azokako taupada ez da eten edizio honetan. Gerediaga elkarteko Nerea Mujika eta Arantza Atutxa pozik eta eskertuta agertu dira aurtengo Durangoko Azokako balorazio-prentsaurrekoan: “Hasierako aurreikuspen guztiak bete eta gainditu ditugu. Hunkituta gaude kulturzaleen aldetik jaso dugun erantzunarekin, ikaragarria da jaso dugun taupada kolektiboa”.

Gerediagako arduradunek jakinarazi dutenez, abenduaren 4tik 8ra arte 7800 erosketa egin dira Azokako online dendan. Guztira, 27.758 produktu erosi dira: 15.577 liburu, 7.036 musika-produktu eta 5145 bestelakoak. Bataz beste, erosle bakoitzak 53 euroko gastua egin du. Abenduaren 8a, azken eguna, izan zen egunik oparoena salerosketen aldetik. Atutxaren arabera, “asko izan dira egun hauetan agortu diren produktuak eta hainbat sortzaile, argitaletxe eta diskoetxe gerturatu behar izan dira produktu gehiago ekartzera”.

Erosle gehienak Euskal Herrikoak izan badira ere, badira Herrialde Katalanetatik, Galizatik eta Espainiar Estatuko beste lurralde batzuetatik eskaerak egin dituztenak ere. Aurten salerosketa gunea online izan denez, horrek eragin nabarmena izan du webguneko bisita kopuruan: web orriak inoiz baino bisitari gehien izan ditu azken bost egunetan. 147.000 lagun baino gehiago sartu dira. Momentu jakin batzuetan, 4000 lagun inguru batu dira Durangoko Azokako “plaza digital” honetan.

Azokak, beraz, hasieran jarritako aurreikuspenak gainditu ditu: langileen txandak bikoiztu behar izan dira; paketeak egiteko kutxa gehiago eskatu behar izan ziren eta garraiolarien bidaiak ere areagotu behar izan dira. “Zaila izan da baldintza hauetan Azoka antolatzea, erronka handia izan da guretzat, baina jasotako erantzunak erakutsi digu ahaleginak merezi izan duela”. Mujikak eskertu nahi izan du 24 orduz biltegian jo eta su lanean ibili diren langileen esfortzua. Hurrengo egunetan ere lanean jarraituko dute Landako Guneko biltegian, jasotako eskaera guztiak kulturzaleen etxeetara bidaltzeko.

2600 lagun baino gehiago izan dira ekitaldiez gozatzen

Egitarauari dagokionez, Durangon ehun kultur ekitaldi baino gehiago antolatu dira, eta guztira aurrez aurre 2600 lagun baino gehiago izan dira ekitaldiez gozatzen: solasaldiak, ipuinen aurkezpenak, mahainguruak… Plateruenako kontzertu gehienetan gonbidapenak agortu dira, eta baita Landako Guneko hainbat ekitalditan ere: ipuinen aurkezpenak, Karrika antzerki taldearen irakurketa dramatizatuak, Taupadaz taupaDA! ekitaldi berezia…

Plateruenako diskoen aurkezpenak eta Landako Guneko jarduerak streaming bidez eskaini dira webgunetik eta hainbat hedabideetako kanaletatik. Guztira 43.500 lagunek jarraitu dituzte ekitaldiak streaming bidez. Jarraitzaile gehienak Euskal Herrikoak izan badira ere, badira Mexikotik, Argentinatik edo Amerikako Estatu Batuetatik streaming-era konektatu direnak ere.

Zu non, han DA! egitasmoan 32 taldek parte hartu dute, eta kontzertu gehienetan sarrera guztiak agortu dira. Guztira, 3200 lagun gerturatu dira aurrez aurreko kontzertu hauetara. Kontuan hartuta Durangoko eta Durangotik kanpoko egitarauak, guztira 5800 pertsonek gozatu dute aurrez aurreko ekitaldiez. Streaming-a gehituta, beraz, 50.000 lagun egon dira Durangoko Azokako egitarauaz gozatzen.

Atutxak aipatu duen bezala, jarduera hauek guztiak osasun-neurriak errespetatuz antolatu dira, eta goraipatzekoa da publikoak uneoro izan duen jarrera eta errespetua: “Argi geratu da kultura segurua dela eta egoera zail honetan ere kulturaz gozatzen jarrai dezakegula. Kultura ere osasuna da!”.

Durangoko Azokako online denda eta egitaraua atzo amaitu bazen ere, kulturzaleek euskal kulturari euren “taupada” emateko aukera izango dute gaurtik aurrera ere, Zu non, han DA! egitasmoaren bigarren adarrari esker. Gaurtik aurrera, Euskal Herriko 141 liburu-dendatan Azokako produktuak eskuratu ahal izango dira: 13 Araban, 59 Bizkaian, 49 Gipuzkoan, 1 Lapurdin eta 19 Nafarroan. Zerrenda osoa eta bakoitzaren informazioa www.durangokoazoka.eus webgunean kontsulta daiteke. Mujikak azpimarratu duenez, “bost egunez, euskal kultura bor-borka ikusi eta sentitu dugu, baina hau ez da nahikoa euskal kultura bizirik mantentzeko. Kultura behar dugulako kulturak behar gaitu; beraz, jarrai dezagun euskal kultura gozatzen eta kontsumitzen, liburu-denda, antzoki, areto eta zinemetan. Taupada kolektibo hau ez dadila hemen eten”.

Zabaldu: