´Hasieratik+´ diskoa kaleratu du Nomadak taldeak

Hainbat estilo batzen ditu lan berriak. Iaz sortutako kantuez eta kantu berriez osotuta dago.

“Erortzen bagara goizero, esnatu behar gara gauero”, mezuarekin dator indarberrituta Nomadak taldearen Hasieratik+ izeneko lan berria. “Bizi garen gizartean, hainbat arlotan, etengabe ematen dizkigute arrazoiak dena bertan behera uzteko. Baina guk kontrakoa aldarrikatu nahi dugu. Gelditzen zaituen horri bizkarra eman eta aurrera egiteko mezua zabaldu nahi dugu”, azaldu dute Bergarako musikariek.

Nomadak-ek iaz eman zituen lehenengo urratsak Emon taldea desegin eta gutxira. Plataforma digitalera igo zituzten konposatutako abesti berriak eta proiektua aurkezteko kamioi batera igota eman zituzten aurreneko kontzertuak herriz herri. Orain pieza horiek disko fisiko batean biltzea erabaki dute, beste bi abesti berrirekin batera. Bergararrek Bilbon egin duten aurkezpenean azaldu dutenez, pasa den urtetik hona taldearen eboluzioa ikus daiteke.

Hainbat estilo jorratu dituzte disko honetan eta abestien hitzek taldekideen momento onak eta amorruak islatzen dituztela nabarmendu dute.

Taldeak bestalde, autoekoizpenaren aldeko apustua egin du.

Hasieratik+ diskoaren aurrerapen kantua. Bideokliparen egilea: Gaizka Peñafiel

Zabaldu: