(argazkia: Hatortxu Rock)

Hatortxu Rock bertan behera utzi behar izan dute pandemiaren eraginez

Egoera honek jaialdiari zulo ekonomiko handia eragingo diola azpimarratu du antolakuntzak.

Abenduaren 18an Atarrabian ospatzekoa zen Hatortxu Rock jaiaren 25. edizioa bertan behera uztea erabaki dute. “Ia bi urte dira Covid-19ak sortutako osasun krisian murgilduta gaudela eta badirudi oraindik ez garela aterako”, azaldu dute antolatzaileek. Egoerak okerrera egin duela kontutan hartuta hartu dute erabakia. “Garai zaila bizitzea egokitu zaigu gizarte osoari eta Hatortxu Rock ez da libratu. Garai zailak kultura eta musikaren sektorearentzat. Garai zailak ere elkartasunarentzat. Pentsa, zein garai zaila euskal preso politiko eta haien senideentzat”, adierazi dute.

Antolakuntzak sarrerak jarri eta izandako harrera ona nabarmendu nahi izan du. “Lan-taldeak buru-belarri hasi ziren lanean, dena prest egon zedin. Iragarpenak oihartzun itzela izan zuen eta sarrerak, salmentan jarri genituenean, 90 minututan agortu ziren. Zaila da hitzez azaltzea, baina pentsa honek errepresaliatuentzako, senideentzako eta baita antolakuntzan ibili den ororentzako suposatu zuena. Zer nolako bultzada. Berriz ere eskerrak emateko aprobetxatuko dugu!”.

Ez dago argi zein neurri ezarriko diren datozen asteetan eta ezjakintasun horrek Hatortxu Rock erabat hipotekatzen duela di antolauntzak. “Ez da soilik aurten ezingo diogula dispertsioaren aurkako borrokari ekarpenik egin, ezingo ditugula honek suposatzen dituen arriskuak nahi genuen moduan salatu edo ezingo ditugula dakartzan gastuak leundu. Egoera honek zulo ekonomiko handia sortuko dio Hatortxu Rocki”.

Aurten galera ekonomiko garrantzitsu bat izango dutela azpimarratu dute, milaka eurokoa. “25 ediziotan hazitako proiektua, urtero-urtero elkartasun ekarpen ekonomiko handi bat egiten duena, ezin dugu modu horretan hipotekatu. Ezin dugu Hatortxu Rock arriskuan jarri. Hasteko eragozpen guztiengatik asko sentitzen dugula esan nahiko genizueke eta segidan, lanean jarraitzeko beharra nabarmendu. Badakigu hau ez zela inork entzun nahi zuen berria. Ilusio handia erakutsi duzue edizio honen aurrean eta horrek are eta zailagoa egin du erabaki hau”.

Datozen egunetan, sarrera erosi dutenek mezu bat jasoko dute posta elektroniko bidez, dirua berreskuratu nahi duenak berreskuratu ahal izateko.

“Ez gara geldirik geratzekoak eta hurrengo urterako, ahal badugu behintzat, bi data ditugu: bata, udarako iragarrita duguna da, 2022ko uztailaren 29 eta 30ean Atarrabian. Bestea, ohikoa, 2022ko abenduaren 17an. Bi urte Hatortxurik gabe, bi urte errepresioa pairatzen dutenek gure laguntza jaso ez dutela eta haien egoeraren salaketa egin ez dugula. Gehiegi”.

Zabaldu: