Hatortxu Rock elkartasun jaialdiak amaiera emango dio bere ibilbideari 2025eko uztailean, Lakuntzan

2024ko abendukoa eta 2025eko uztailekoa izango dira azken bi edizioak. Antolakuntzak adierazi duenez, elkartasun forma berriei bide eman nahi diete umiltasunez eta egindako bideaz harro. Sarrerak salgai daude jada.

2024ko abenduaren 28an izango da Hatortxu Rocken 29. edizioa eta hau izango da sorreratik gaur arte izan duen neguko forma klasikoetan azkena. 30. edizioa, berriz, 2025eko uztailaren 24tik 27ra bitartean egingo da, “lau eguneko jaialdi historiko batekin”, dio antolakuntzak. “Jaialdia bere amaierara heldu da baina jaialdia sorrarazi zuten arrazoi guztiak ez dira desagertu. Euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen egoerak euskal gizartearen inplikazioa behar beharrezkoa du oraindik. Hala ere, jendartearen bizi ohituretan jasandako eraldaketa sakonek eta agertoki politiko berriek elkartasun eta inplikazio forma berriak ezinbesteko egiten dituzte. Honela, Hatortxu badoa, baina erreminta berriei bide emateko”, adierazi dute.

Jaialdiak hiru hamarkada luzez bere helburuak bete baditu unean uneko egoera eta beharretara egokitzen jakin duelako izan dela nabarmendu dute antolatzaileek. “Auzolanaren indarraz ezaugarritu den jaialdi bat izan da, gure herrian eta Euskal Herritik kanpo entzutetsu bihurtu eta zenbaitek musika jaialdien antolakuntzari dagokionez eredugarritzat jo dutena. Kartzeletatik eta erbestetik zein haien familiengandik eskerrik zintzoenak jaso dituen jaialdia”.

Egindako bide guzti honengatik, jaialdiaren helburu nagusi izan den dispertsioaren amaiera lortuta, baina jakitun presoen etxerako bidean oraindik egiteko dagoenaz, erarik onenean eman nahi izan diote amaiera: “elkartasun forma berriei bide emanez umiltasunez eta egindako bideaz harro”, nabarmendu dute.

Hatortxu Rockek “bere onena emanez joko ditu azken akordeak, egoerak eskatzen duen bezala, ospakizuna eta aldarrikapena uztartuz. Beste behin ere, musika erdigunean jarriz, euskal preso politiko, iheslari eta deportatuekiko elkartasunez milaka pertsona elkartuz”.

Sarrerak

Hitzordu bikoitz honetarako, Hatortxu Rockek bono berezi batzuk jarri ditu dagoeneko salgai. Hala, gaurtik aurrera abendurako eta uztailerako bono bateratua eskuratu daiteke, 94 euroren truke. Eskaintza berezi honetan, 3.000 bono baino ez dira jarriko salgai. Sarrerak eskuratzeko, hemen.

 

Zabaldu: