(argazkia: Hatortxu Rock)

Hatortxu Rock jaialdia: Guztiontzako espazio segurua eta gozatzekoa

Milaka lagunek egin zuten bat larunbatean “elkartasun gau erraldoi berri bat bizitzeko”.

Gertu ditugu, gertu gaude lelopean antolatu da Hatortxu Rocken 27. edizio hau. Eta lelo hori sinetsita atera dira antolatzaileak hitzordu horretatik. Milaka lagunek egin zuten bat larunbatean “elkartasun gau erraldoi berri bat bizitzeko”. Ozen esateko, beste behin, “behingoz amaitu beharra dagoela dispertsio politikarekin eta euskal errepresaliatu politiko guztiak etxean egoteko garaian gaudela. Gertu gaude, prest, azken pauso hori emateko”, adierazi du antolakuntzak.

Azaldu dutenez, “azken hilabeteetan aurrera pausoak eman dira dispertsioarekin amaitu eta presoen afera konponbidean jartzeko, baina oraindik bidea eta lana dago aurretik. Eta hauek ez dira bakarrik egingo. Orain arteko aurrera pauso horiek ez dira inertzia edo denboraren eraginez izan. Herritar ugarik hamarkadetan zehar egin duten lanari esker izan da. Atarrabian bizitakoa, horren erakustaldi berri bat izan zen”.

Hala, 800 lagun elkartu ziren auzolanean elkartasun jaialdia posible egiteko. Taula gainean, “18 talde eta barraren beste aldean milaka herritar jaiaren bitartez ere bere aletxoa jartzeko prest. Denak ezinbestekoak. Denei gure eskerrik handiena!”.

Hatortxu Gune Segurua

Hatortxu Rock jai esparru bat da. Aldarrikapena jaiaren bitartez egiten duen ekimena. Eta larunbatekoan ez zen eraso matxistarik salatu Gune Seguruak eskaintzen dituen baliabide ugarietan. “Argi daukagu horrek ez duela %100ean bermatzen eraso matxistarik izan ez zenik, baina eskerrak eman nahi dizkiegu bertaratutako guztiei denon artean Hatortxu Gune Seguru bihurtzen laguntzeagatik eta benetan giro oso goxoko gau bat posible egiteagatik”.

Eraso matxistak ekiditeko lanean indar handia jarri dutela nabarmendu du antolakuntzak. “Gaia sozializatzeko ahalegin berezia egin da, baita erasotzaileak interpelatu ere, Hatortxun ongietorriak ez direla gogora ekarriz eta horrek ere bere emaitza eman du”. Hatortxu Rockeko antolakuntzak bide beretik jarraituko duela lanean adierazi du, “gure jaialdia guztiontzako espazio seguru eta gozatzeko leku izan dadin”.

Zabaldu: