Filma dispertsioaren amaierarekin batera etxerako bidea hasita, gure artera itzultzen direnei harrera duin bat egiteaz ari da.
Hatortxu Rocken 30. eta azken edizioa ate joka dugun honetan Egon ez zaren lekuetara itzultzeko izeneko film laburra aurkeztu zuten atzo, Lakuntzako Kultur Etxean. “Uztailaren 24an hasiko da elkartasun jaialdia eta auzolanean oinarritutako 25 urtetako ibilbidea balorean jarri eta merezi bezala agurtzeaz gain, gaur egun euskal preso, errefuxiatu eta deportatu politikoek dituzten beharrak mahaigaineratu nahi izan ditugu. Dispertsioaren amaierarekin batera etxerako bidea hasita, gure artera itzultzen direnei harrera duin bat egiteaz ari gara, egunerokoan aurrera egiteko baliabideak eta sarea bermatzeaz alegia” azaldu du antolakuntzak.
Lehentasun hau adierazteko helburuarekin, “hirugarren graduan egonda bere ilobarekin mendira doan presoa haragitu digu Iñake Irastorza aktoreak ikus-entzunezkoan. Era berean, Karla Ruiz izan da preso duen izebarekin mendira doan gaztea, harrera behar horiei erantzuteko testuinguruan aurkitzen dena”.
Irastorzak aurkezpenean azaldu duenez, egoera horretan dagoen presoa “gailur batean bezala, aurrean amildegi bat duela” imajinatzen du, bere “beldur, duda eta antsietatearekin”. Aktorea antsietate horri, beldur horri, noraez hori nola adierazi kontatzen ahalegindu da, “pentsatzen dut badakizula kalera ateratzen zarenean gizarte arrotz bat ere topatuko duzula, zu ere ez zarelako sartu zinean zineneko bera. Adibidez nire ilobarekin. Iloba ni espetxean nengoela jaio zen eta lehenengo aldiak dira elkarrekin horrela gaudela. Nola finkatu ilusio berri horiek. Ez zait batere erraza iruditzen”.
Honek bultzatu zuen Irastorza proposamena onartzera. Baita bi protagonistak emakumeak izateak ere. “Ez da ohikoa. Hor ere oraindik gabezia batzuk ditugu”, nabarmendu du.
Irastorzak “talde gazte batekin” lan egiteak sortu zion “ilusioa” ere azpimarratu du. “Elkarrengandik ikasteko. Pasa zenetik ikasteko. Eta helduok gazteen indarra ere xurgatzeko. Gizartea gero eta bakartiagoa da, baina bakarrik egonda ez goaz inora”.
Denboraren presentzia
Bestetik, denboraren presentzia nabarmena izango da filmaren bilakaeran. Hain zuzen, espetxera lotara itzuli behar izatearen ezinegonak eta presak, kalea zapaltzearen poztasunarekin nahastuko zaizkio protagonistari. Finean, bizi proiektu bat baldintzatu duen konpromezu politikoa eta bere ondorioak azaleratzen dituen errealitate pertsonal bat jasotzen ditu lanak.
Jon Sesma da film labur honen atzean auzolanean aritu den lagunetako bat eta adierazi duenez, “Hatortxu Rock gauza erraldoi bat da eta guk, komunikazio lan-taldetik, kontakizunari ale bat gehiago jarri nahi izan diogu. Bultzada bat”.
Jaialdiaren filosofiari jarraiki auzolanean eta borondatezko lanean oinarritu den prozesua izan da lan honen ekoizpena, “gidoitik hasi, grabaketatik segi eta azken ekoizpen lanetaraino”.
Antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkie “proiektutxo hau aurrera ateratzeko lanean egon diren pertsona guztiei. Beharrezkoa deritzote “herri honek bizi duen gatazka politikoak eragin dituen errealitate pertsonal eta kolektiboak kontatzea. Indibidualismoek indar hartzen duten garai hauetan Hatortxu Rockeko kideok badakigulako badirela norberarena ez diren zilborrak ere”.