26. edizio honetan, 126 olerkarik hartu dute parte liburua osatzeko.
Urtero bezala, Senpereko Larraldean bildu ziren igandean Euskal Herri osoko eta euskal diasporako poetak eta poesiazaleak 26. Hatsaren Poesia liburua aurkezteko. Denetara 126 olerkarik hartu zuten parte, horien artean 18 hatsakide berriak ziren. “Gutarteko zubi poetiko hori irauten segitzeko, gutarteko sarea ehuntzen jarraitzeko”, adierazi zuen Ainara Maia editoreak. “Hatsaren poesiaren itsasontzia itsasoratu da jada Senperen beste urte batez, almirante, kapitain, lemazain eta eskifaia eder handi batekin”, gaineratu zuen.
11:30ean izan zuten hitzordua, eta tantaka-tantaka agertu ziren Larraldearen aterpera, pixkanaka, 26 hatsaren poeta bildu ziren arte. Maiak berak aurkeztu zuen ekitaldia eta Joseba Aurkenerenari eman zion hitza. Aurkenerenaren hitzak entzun ondoren, Lander Zurutuza margolariari egin zioten tartea. “Berak egin du aurtengo liburu mamitsuaren azaleko marrazkia, zuri-beltzez margotutako marinela bere hatsaren bila abiatzen dena”, adierazi zuen Maiak. Ondotik, Auxtin Zamora Hatsaren poesiaren sortzaileak parte hartzaile guztiek muxutruk eginiko lana eskertu nahi izan zuen.
Datorren urteko Hatsaren Poesiaren sar-hitzaren egilea Joxe Luix Agirretxe izango dela ere bertan erabaki zuten. Azalaren marrazkilaria, berriz, Andrea Bella, Uruguaiko euskalduna.
Obraren aurkezpen ofiziala amaituta, bazkaldu eta ostean, Larraldeako ukuiluan poetek libururako idatzi duten olerkia errezitatu zuten, baita kantatu ere.