Gaztainak erretzeko tresna izan da edizio honetarako aukeratutako objektua. Donostiako San Telmo Museoko gastrokultura gunean ikusgai dira jada lehiaketan parte hartu duten 24 lanetako batzuk; tartean, Marta Loidi Urquizuren Dinak irabazlea.
Lau lehiaketaren xedea euskal kulturako objektu tradizional bat gaurkotzea da. Horrela, alde batetik, ildo honetan ikerketa sustatzen da, eta honek usadioak eta ohiturak hein batean berreskuratzea ekar lezake; bestetik, objektu tradizionalak egokitu, berritu eta berrinterpretatzea bultzatzen du, diseinu garaikidearen begirada batetik. Bitamine Faktoria da egitasmoaren antolatzailea, bere arabera, “gure historiarekin lotura berriak sortzen dira eta baita diseinu alorrean ikerketa ildoak eta ekintza-eremuak zabaldu ere”.
Zazpigarren edizio honetan gaztainak erretzeko tresnak berraztertzea proposatu da. 24 proiektu jaso dira denera eta azkenean Marta Loidi Urquizuren Dinak proiektua izan da irabazlea. Sortzaileak 2.000 euro jasoko ditu eta gaurtik irailaren bukaerara arte museoan jarritako erakusketan izango da ikusgai bere lana. Epaimahaiaren iritziz, “Dinak proiektuak trebetasunez eta sentikortasunez uztartzen ditu objektuaren alderdi funtzionalak eta formalak. Gaztainak erretzeko tresna bizitza modernora egokitzen jakin du, produktu moldakorra, ez urtarokoa, proposatuz, eta merkatuan sartzeko bideragarria dena. Ondo osatutako memoriak produktua eta haren erabilerak aztertu eta deskribatzen ditu”.
Irabazlearekin batera, aurkeztutako beste lan nabarmenduak izango dira ikusgai: Sergio Peña Tiradoren Zesta da aipamen berezia lortu duen proiektua, “originalena delako, eskultura-balioa duelako eta pieza artistiko bati erabilera funtzionala ematen jakin duelako”.
Bi hauekin batera, sorkuntza berriak egungo usadio eta ohituretara hurbiltzeko asmoz, gaztainak erretzeko sistema berriak imajinatzen egindako ahaleginagatik aukeratutako beste hauek: Aïna / Iker Leizaola; Damaki / Maialen Bertiz, Marina Ibañe; Triku / Aroa Ochoa, Monica Gonzalez, Olatz Jausoro; Refraktario / Pedro Galdon; Sutan / Alicia Comesaña, Paula Arrilucea; Lakots / Luzaide Lizarralde, Uxue Sanchez, Maria Urquiza.