‘Hau’ diseinu lehiaketan parte hartu duten proiektuak San Telmo Museoan ikusgai

Gaurtik aurrera Donostiako San Telmo Museoko gastro-kultura gunean ikusgai izango dira Lau lehiaketan parte hartu duten lanetako batzuk, horietako bat da, hain zuzen ere, Uxue Ariztimuño, Amaia Baztarrica eta Olatz Mandiolaren Zura proiektu saritua.

Lau lehiaketaren xedea euskal kulturako objektu tradizional bat gaurkotzea da. Horrela, alde batetik, ildo honetan ikerketa sustatzen da, eta honek usadioak eta ohiturak hein batean berreskuratzea ekar lezake; bestetik, objektu tradizionalak egokitu, berritu eta berrinterpretatzea bultzatzen du, diseinu garaikidearen begirada batetik. Bitamine Faktoria da egitasmoaren antolatzailea, bere arabera, “gure historiarekin lotura berriak sortzen dira eta baita diseinu alorrean ikerketa ildoak eta ekintza eremuak zabaldu ere”.

Hirugarren edizio honetan 30 proiektu baino gehiago jaso dira eta epaimahaiak oinarriek zehazten dituzten irizpideak aintzat hartuta, Uxue Ariztimuñok, Amaia Baztarricak eta Olatz Mandiolak aurkeztu duten Zura proiektuari saria ematea ebatzi du.

Epaimahaiaren ustez, Zurak “objektuaren teknika, funtzio eta forma alderdiak trebeziaz eta sentiberatasunez uztartzen ditu. Proposatutako diseinuan lengoaia aberastasuna nabari da, jatorrizko objektuarekiko fideltasuna gordeaz eta ezaugarri nabarmenetako batzuk egungo usadio eta ohituretara gaurkotuz”.

Era berean, epaimahaiak Aizea Fernandez de Lapeña eta Idurre Elorzaren Eako proiektuari aipamen berezia eman dio, bere izaera poliedrikoari esker egungo etxeko testuinguruan hedatua dagoen lengoaiarekin bat egiten duelako.

Deialdi honetarako zizeilua berraztertzea proposatu zuten. Euskal Herriko baserrietan jatorrizko altzaria da honakoa, eskualde guztietan aurki daitekeen mahai-bankua.

San Telmo Museoan bi zizeilu daude ikusgai. Mahai biribildua duen tipologia museoko klaustroan dago. Bestea, tamainaz txikiagoa, Tradizioak bizirik dirau ataleko baserrian dago, garai bateko sukaldea birsortzen den aretoan.

Erakusketa abuztuaren 31ra arte egongo da ikusgai San Telmo Museoko gastro-kultur gunean.

Zabaldu: