‘Hau’ diseinu lehiaketan parte hartu duten proiektuak San Telmo Museoan ikusgai

Gaurtik aurrera Donostiako San Telmo Museoko gastro-kultura gunean ikusgai izango dira Lau lehiaketan parte hartu duten lanetako batzuk, horietako bat da, hain zuzen ere, Iciar Sanchez Parraren Kabi proiektu saritua.

Lau lehiaketaren xedea euskal kulturako objektu tradizional bat gaurkotzea da. Horrela, alde batetik, ildo honetan ikerketa sustatzen da, eta honek usadioak eta ohiturak hein batean berreskuratzea ekar lezake; bestetik, objektu tradizionalak egokitu, berritu eta berrinterpretatzea bultzatzen du, diseinu garaikidearen begirada batetik. Bitamine Faktoria da egitasmoaren antolatzailea, bere arabera, “gure historiarekin lotura berriak sortzen dira eta baita diseinu alorrean ikerketa ildoak eta ekintza eremuak zabaldu ere”.

Seigarren edizio honetan sehaska objektua berraztertzea proposatu da, haurrentzako ohe txikia. 30 proiektu jaso dira denera eta azkenean Iciar Sanchez Parraren Kabi proiektua izan da irabazlea. Sortzaileak 1.000 euro jasoko ditu eta gaurtik irailaren bukaerara arte museoan jarritako erakusketan izango da ikusgai bere lana. Epaimahaiaren iritziz, “Kabi proiektuak trebetasunez eta sentikortasunez uztartzen ditu objektuaren alderdi funtzionalak eta formalak. Proiektuaren ardatz gisa iraunkortasuna azpimarratzen da, eta objektuarekiko berrikuntza sotila proposatzen badu ere, erabileran nabarmentzen da. Horrek ematen dio egungo gizartearen beharrei egokitzeko ukitu garaikidea”.

Irabazlearekin batera, aurkeztutako beste lan bat ere nabarmendu du epaimahaiak: Sergio Pena Tiradoren Altzo eta bi aipamen berezi egin ditu: Oscar Rubio Solaren Hazienea eta Laxmi Nazabal Gaztañagaren Igela.

Zabaldu: