Deialdi honetan txokolate-ontzia objektua berraztertzea proposatu dute.
Bitamine Faktoria mugaz gaindiko sormen eta kultura-ekoizpen lantegiak antolatu duen HAU lehiaketak euskal kulturako objektu tradizionalak gaurkotzea du helburu. “Diseinu garaikidearen begiradatik egokitu, berritu eta berrinterpretatzea eskatzen zaie parte hartzaileei, gure historiarekin lotura berriak sortu eta diseinu alorrean ikerketa ildo berriak zabaltzeko”, azaldu dute.
Aurreko edizioetan taloaskea, kutxa eta zizeilua izan ziren aukeratutako objektuak, eta aurtengo edizioan txokolate-ontzia izango da, txokolatea prestatzeko erabiltzen zen sukaldeko tresna. “Bular formako ontzia da, behealdean sabela duena eta ahoaren aldean, berriz, laua. Eusteko kirten bat du. Goialdeko estalkiaren erdiko zuloan zurezko ehogailu edo irabiagailua sartzen da. Barra luze hori ezinbesteko pieza da txokolatea behar bezala prestatzeko”, azaldu dute antolatzaileek. “Estalkiaren irekiduratik ateratzen da, eskuekin eutsiz eta mugituz, bi aldeetara bira egin ahal izateko. Ehogailuak behealdean zilindro ildaskatu bat du; horri esker, bi aldeetara biratzean, uretan edo esnetan murgildutako txokolatezko ontzak zanpatzen ditu eta nahasketa irabiatu, guztiz desegin eta loditu arte. Hainbat ontzi oinarri baten edo hanka txiki batzuen gainean finkatuta zeuden”.
Lehiaketa diseinuaren alorrean diharduten ikasleei, profesionalei edo kolektiboei zuzenduta dago (industria eta produktu-diseinua, arkitektura, ingeniaritzak, arte ederrak, eta abar). Lanak aurkezteko epea apirilaren 26ra arte egongo da zabalik.
Epaimahaia diseinuko eta euskal etnografiako alorretako aditu hauek osatuko dute: Fermin Leizaola Calvo (Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Saileko zuzendaria); Elisabeth Urrutia Bea (industria-diseinuko irakaslea eta ikerlaria Mondragon Unibertsitatean); Agurtzane Garai Ibarluzea (San Telmo Museoko jarduera eta proiektu arduraduna); Ibili Menaje enpresako diseinu-taldea; Rafa Gorrotxategi, txokolategile eta gozogilea; eta Bitamine Faktoriako lantaldeko kide bat.
Ekainean proiektu sarituaz eta diseinu nabarmenez osatutako erakusketa antolatuko da Donostiako San Telmo Museoan.
Xehetasun gehiago https://bitamine.net/eu/calls/54 | Oinarriak HAU 2021