Haur eta gazteak euskal literaturara erakartzeko bigarren liburu azoka egingo dute urrian, Saran

Ikusi Mikusi azokan ikuskizunak, tailerrak, idazle eta ilustratzaileekin topaketak, Euskal Herriko argitaletxe guztien presentzia eta irakurraldi musikatuak izango dira, besteak beste.

Ikusi Mikusi, euskal haur eta literatura azoka Galtzagorri Elkarteak, Kiribil konpainiak eta Pamiela argitaletxeak elkarlanean antolatutako egitasmoa, urriaren 7an eta 8an izango da Saran. Azaldu dutenez, “euskarazko haur eta gazte literatura ardatz duen azoka bakarra da Ikusi Mikusi, Bidasoaz beste aldean antolatzen duguna”. Aurtengo edizioaren gaia Gure xaharrak da, eta antolatu dituzten tailer eta ikuskizun batean baino gehiago agertuko da.

Iaz bezala aurtengoan ere azokaren lehen eguna, urriak 7 ostirala, Eskolen Eguna izango da. Ikasleak beren ikaskideekin eta irakasleekin batera joango dira eta jolasak, sormen-tailerrak, beren lanen aurkezpenak eta idazleekin topaketak egiteko aukera izango dute, besteak beste. Liburu-azokaz gozatzeko paradaz harago, ikasle bakoitzak bere liburua eskuratu ahal izango du iaz abiatu eta aurten jarraipena emango dioten bonu-sistemari esker.

Egun berean, euskarazko haur eta gazte literaturako zenbait profesional mahai-inguru baten bueltan bilduko dituzte. Gaia honakoa izango da: Haur eta gazte literaturan euskaraz sortu, ala itzuli?

Urriaren 8a, larunbata, Familien Eguna izango da. Aurreko egunean bezala, bisitariek tailerrak, topaketak eta ikuskizunak izango dituzte aukeran. Nerabeentzat berariaz sortutako programazioa ere egongo da. Ekintza horiez guztiez gain, erakusketak ere izango dira azokak irauten duen bi egunetan: Eskoletan egindako lanen erakusketa eta Silent Books hitzik gabeko liburuen erakusketa Galtzagorrik, OEPLI eta IBBYrekin batera sortu duena.

Egitarau osoa, hemen.

Zabaldu: