(argazkia: Ikusi Mikusi)

Haur eta gazteak euskal literaturara erakartzeko liburu azoka egingo dute urriaren 10ean eta 11n, Saran

Ikusi Mikusi azokan ikuskizunak, tailerrak, idazle eta ilustratzaileekin topaketak, Euskal Herriko argitaletxe guztien presentzia eta zuzenekoak izango dira, besteak beste.

Ikusi Mikusi, euskal haur eta literatura azoka Galtzagorri elkarteak, Sarako Mari Gorri elkarteak eta Pamiela argitaletxeak elkarlanean antolatutako egitasmoa, urriaren 10ean eta 11n egingo da Saran. “Euskarazko haur eta gazte literatura ardatz duen azoka bakarra da Ikusi Mikusi, Bidasoaz beste aldean antolatzen duguna”, adierazi dute antolatzaileek.

Eskolen Egunean Euskal Herriko 1.200 ikasle bilduko dituztela nabarmendu dute, “bakoitzari 15 euroko bonu bat emango diogu liburu bat aukeratu eta harengatik truka dezan festibalaren liburu-azoka gunean”.

Profesionalen Egunak eta Eskolen Egunak bat egingo dute hilaren 10ean, ostirala, eta Familien Eguna hilaren 11n izango da . Guztira, 65 kultur proposamen eskainiko dituzte: tailerrak, ikuskizunak, kontaketak eta abar adin guztietako haurrentzat eta gazteentzat, baita familientzat ere.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, “txalaparta, kamishibai, dantza eta txikientzako manipulazio tailerrak besteren artean, zirkua eta antzerki proposamen anitzak, ipuin kontaketa eskaintza oparoa eta haur eta gazte liburuaren bueltan lanean ari diren profesionalak elkartzeko espazioak sortuko ditugu. Azoka ere egongo da non euskal argitaletxe guztiak klasikoak eta nobedadeak eskainiko dituzten”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna