(argazkia: Ikusi Mikusi)

Haur eta gazteak euskal literaturara erakartzeko liburu azoka egingo dute urriaren 11n eta 12an, Saran

Ikusi Mikusi azokan ikuskizunak, tailerrak, idazle eta ilustratzaileekin topaketak, Euskal Herriko argitaletxe guztien presentzia eta zuzenekoak izango dira, besteak beste.

Ikusi Mikusi, euskal haur eta literatura azoka Galtzagorri elkarteak, Sarako Mari Gorri elkarteak eta Pamiela argitaletxeak elkarlanean antolatutako egitasmoa, urriaren 11n eta 12an izango da Saran. Azaldu dutenez, “euskarazko haur eta gazte literatura ardatz duen azoka bakarra da Ikusi Mikusi, Bidasoaz beste aldean antolatzen duguna”. Aurtengo edizioaren gaia Gure baitan ditugun altxorrak izango da, eta antolatu dituzten tailer eta ikuskizun batean baino gehiago agertuko da.

Iaz bezala aurtengoan ere azokaren lehen eguna, urriak 11 ostirala, Eskolen Eguna izango da. Ikasleak beren ikaskideekin eta irakasleekin joango dira, eta ikuskizunak, jolasak, sormen-tailerrak, beren lanen aurkezpenak eta idazleekin topaketak egiteko aukera izango dute, besteak beste. Liburu-azokaz gozatzeko paradaz harago, ikasle bakoitzak bere liburua eskuratu ahal izango du aurten jarraipena izango duen bonu-sistemari esker. Antolatzaileek aurreratu dutenez, aurten “Euskal Herri osoko 1.100 ikasle etorriko dira azokara literaturaz gozatzera”.

Bestalde, lehen egunean, euskal haur eta gazte literaturaren profesionalei egun osoko egitaraua eskainiko diete. “EHU, EKE eta BILKETArekin elkarlanean haur eta gazte literaturaren berezitasunak eta erronkak, alderdi profesionaletik, ulertzeko eguna izango da”.

Urriaren 12an, larunbata, Familien Eguna izango da. Aurreko egunean bezala, bisitariek tailerrak, topaketak eta ikuskizunak izango dituzte aukeran. Nerabeentzat berariaz sortutako programazioa ere egongo da. Ekintza horiez guztiez gain, bi egunetan argitaletxeek mahaiak jarriko dituzte, eskoletan egindako lanen erakusketa ikusgai izango da, eta Kilika konpainiaren txotxongilo erraldoiak, Ttipittoen xokoa eta liburu aurkezpenak egongo dira.

Egitarau osoa, hemen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna