0 eta 9 urte bitarteko umeengan kulturarteko ikaskuntza eta balio etiko, sozial eta iraunkorren garapena sustatzea da helburu nagusia.
Gookapi plataformak Ezki Kontu-Kontari telesaila estreinatuko du 2025eko otsailean Gookapi.eus webgunean.
Ezki, iratxo bidaiaria, munduan zehar ibili da hamaika kultura eta herrialdetako kondairak zein jakituria jasotzen. Orain, baso magikora itzulita, gauero kontu-kontari aritzen da sutondoan, ikasitakoa iratxokumeekin partekatuz. “Antzinako kondairak entretenigarriak eta dibertigarriak izateaz gain, iratxo zein gizaki txikiei balio unibertsalak irakasten dizkie, beraien gatazkak eta kezkak gainditzeko giltza izan dezaten”, azaldu du lantaldeak.
Telesailaren helburua 0 eta 9 urte bitarteko umeengan kulturarteko ikaskuntza eta balio etiko, sozial eta iraunkorren garapena sustatzea da, munduko hainbat txokotako kondairak kontatuz.
Telesailak beste kulturekiko errespetua, tolerantzia, enpatia eta ulermena sustatzen dituela nabarmendu dute. “Kondaira bakoitza tresna bat izango da haurrek egungo gaiak ulertzeko eta horiei aurre egiteko, hala nola, berdintasuna, aniztasuna, ingurumenaren zaintza eta eguneroko bizitzako beste erronka batzuk”.
Ikuskizuna
Telesailaz gain, Ezki Kontu-Kontariren unibertsoak bizitza hartuko du otsailetik aurrera, liburutegi, antzoki, ikastetxe eta beste hainbat espaziotarako diseinatutako ipuin kontalari ikuskizunarekin. “Formatu intimoan, espazio txiki edo ertainetarako ezin hobea, Ezkik munduko kondairak haurrei eramango dizkie, istorio bakoitzaren emozio, balio eta irakaskuntzekin lotuz”, azaldu dute.