(argazkia: Euskaltzaleen Topagunea)

Haurren aurrean helduek eredugarritasuna sustatu eta hizkuntza praktiken inguruan hausnartzeko ekimena aurkeztu dute

Haurrekin harreman zuzena duten helduen hizkuntza praktiketan eragin eta euskara gehiago erabiltzeko deia egingo da azaroaren 22tik abenduaren 5era bitartean.

Euskaltzaleen Topaguneak, Euskarak 365 egun lan ildoaren baitan, Haurren aurrean helduok heldu ekimena jarri du abian. Azaldu dutenez, ariketa praktikoa izango da, azaroaren 22an hasi eta abenduaren 5ean amaituko dena. “Ekimen honen helburua da guraso, hezitzaile, lagun heldu, zaintzaile eta umeekin egoten diren bestelako senideek euren arteko hizkuntza-praktikak aldatzea eta euskara gehiago erabiltzea”, hala adierazi dute gaur, Donostian egindako prentsaurrekoan.

Topaguneak koordinatutako ekimena izan arren, Euskal Herri osoko 80 herrik baino gehiagok antolatuko dute ariketa praktikoa euren eremuetan: herriko plazetan, parkeetan, eskola irteeretan, etxeetan eta helduak haurrekin biltzen diren inguruetan.

Hizkuntza praktikak aldatzeko bidea

Euskaraldian sustatzen diren portaerak sozializatzen jarraitu nahi dute ekimen honekin, eta portaera linguistiko horiek herritarren praktiketan integratzea, arau sozial bihur daitezen. “Euskaldunok euskaldunokin euskaraz egiten dugu” arau soziala indartu nahi du ariketak: solaskideek, euskara dakiten kasuetan, euskaraz egiten, lehen hitzak euskaraz egiten eta kideak ulertu bai, baina euskaraz hitz egiten ez badu euskarari eusten, baita elkarrizketa elebidunetan ere. Baina oraingo honetan helduen eredugarritasunari ere erreparatu nahi diote antolatzaileek, eta arau sozial horiek eremu horretara eraman. Arrate Gisasola ekimeneko parte hartzailea eta EBETEko kideak azaldu duen moduan, “erabilera sozialaren eredurik ez badago, haurrek hizkuntza ikasi bai, baina ez dute jardungo. Euskara egoera eta testuinguru guztietan ohikoa dela sumatu behar dute haur eta gaztetxoek, etorkizunean beraiek ere hala jokatzea nahi badugu”. Gisasolaren hitzetan, haurrei eskatzen zaie euskaraz egiteko, baina gero helduek ez badute hala jokatzen, gaztetxoek mezu kontraesankorrak jasotzen dituzte. “Haurrek hizkuntza ez ezik, hizkuntza erabiltzeko gizarte arauak ere barneratzen baitituzte, hau da, norekin bai, norekin ez; noiz bai, noiz ez…”, azaldu du.

Erabileraren aldeko dinamikak

Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak adierazi duenez, “Topagunean oso garbi dugu, euskararen biziberritze-prozesua, batez ere, eraldaketa sozialeko prozesua dela. Garrantzitsua da, sektorez sektore, herriz herri eta auzoz auzo erabileraren aldeko dinamikak aktibatzea eta sustatzea. Horretara ere badator Haurren aurrean, helduok heldu ekimena”.

Euskara sustatzeko zereginetan sarri eskatu ohi zaie ikastetxeei erantzukizuna, baina Amonarrizen hitzetan, “askotan esan dugun bezala, eskola ez da nahikoa. Haurrek euskaraz egingo badute, eskolatik kanpoko eremuetan ere euskaraz egin behar dute: euskaraz dakiten gurasoekin, etxeetan, aisialdian, beraiei zuzenduriko zerbitzu eta ekintzetan”.

Goiatz Urkijo Euskaltzaleen Topaguneko kidea da Haurren aurrean helduok heldu ekimeneko koordinatzailea, eta bere arabera, 80tik gora herri daude orain izena emanda ekimena euren herrietan antolatzeko. Ariketan parte hartuko dutenei ere egin die erreferentzia: “Parte-hartzaileei eskatuko diegu pentsa dezaten norekin alda ditzaketen hizkuntza ohiturak parkean, eskola inguruan edo umeekin egiten dituzten bestelako ekintzetan; baita kide horiei elkarrekin ariketa egitea proposatzea ere ”, azpimarratu du.

Ekimenarekin lotuta, Paula Kasares eta Kike Amonarriz soziolinguistek hitzaldi sorta eskainiko dute, azaroan zehar, Euskal Herriko hainbat herritan. Herrien zerrenda https://topagunea.eus/haurren-aurrean-helduok-heldu/ webgunean egongo da ikusgai. Azaroaren 30ean, berriz, Martin Ugalde foroan ere gaiaren inguruko hausnarketa egingo dute Iñaki Eizmendi Garbiñe Ubedarekin batera.

Foroa 19:00etan hasiko da Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean eta streaming bidez ere jarraitu ahal izango da.

Zabaldu: