Haurrentzako Antzerki Testuen XXXIII. Lehiaketarako deialdia zabalik da Iruñean

Ekainaren 15era arte egongo da lanak aurkezteko epea zabalik.

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak haurrei zuzendutako antzerki-testuen lehiaketarako deia egin dute berriz ere. Ekainaren 15ean amaituko da lanak lehiaketara aurkezteko epea. Lehiaketa hori euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan deitu da eta 18 urtetik gorako edozein pertsonak parte hartu ahal izango du. Iazko edizioan 76 antzerki-testu aurkeztu ziren.

Egile bakoitzak euskaraz edo gaztelaniaz idatzitako hiru testu aurkeztu ahalko ditu gehienez ere hamahirugarren edizio honetan. Antolatzaileek zehaztu dutenez, “testuek jatorrizkoak eta argitaragabeak izan behar dute, eta ezin izanen da testu bera bi modalitateetan aurkeztu. Gainera, ezin dira aurkeztu bestelako edozein lehiaketatan saritutako obrak, ezta konpainia batek (profesionala izan ala ez) estreinatutakoak. Antzezlanak haurrentzako lanetan ohikoa den iraupena izan beharko du”.

Testuak posta elektronikoz bidali beharko dira helbide honetara: biblioteca@laescueladeteatro.com. Gaian Haurrendako Antzerki-Testuen XXXIII. Lehiaketa jarri beharko du eta bi fitxategi atxikiko dira. Parte-hartzaileek berariaz adierazi beharko dute deialdiaren oinarriak ezagutu eta onartzen dituztela.

Lehen fitxategiak testua izena izanen du eta izenburua, testua eta egileak lehiaketara aurkezteko erabilitako izengoitia jasotzen dituen PDFa jasoko du. Bigarren fitxategian, plika izenarekin, honako hauek jasoko dira: lanaren izenburua eta egilearen izengoitia; curriculum laburra, goiburuan haren izen-abizenak, posta-helbidea, helbide elektronikoa eta telefonoa adierazita; NANaren edo pasaportearen fotokopia, eta idatzizko adierazpen bat. Bertan, aurkeztutako antzezlana jatorrizkoa eta argitaratu zein estreinatu gabea dela jasoko da, eta ez duela inongo lehiaketatan saririk jaso.

Nafarroako Antzerki Eskolako epaimahaia

Epaimahaia Nafarroako Antzerki Eskolak izendatuko du, eta antzerki esparruko hiru profesionalek osatuko dute bi kategorietako bakoitzean. Saria jaso dezaketen testuak aukeratzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: kalitate literarioa, sormena, originaltasuna eta lana taularatzeko modukoa izatea. Epaia iraileko lehen astean emango da jakitera.

Euskarazko zein gaztelaniazko modalitateetan saritutako lanak Nafarroako Antzerki Eskolaren eta Iruñeko Udalaren esku geratuko dira, urtebetez, haiek argitaratu edota taularatzeko. Saritutako lanaren egileak urtebetez lagako ditu lana erakusteko eskubideak, saria ematetik aitzina, Nafarroako Antzerki Eskolan egin beharreko antzezpenetarako.

Zabaldu: