(argazkia: Arriaga antzokia)

‘Hazia’ musikala taularatuko dute larunbatean, Bilboko Arriaga antzokian

Ikuskizunak Jose Maria Arizmendiarrietaren bizitza eta obraren, eta orainaldirako eta etorkizunerako baliozko irakaspenen laburpena egiten du.

Gontzal Mendibil musikariak bultzatutako Hazia musikala taularatuko dute larunbatean, urriak 1, Bilboko Arriaga antzokian.

Ikuskizunak Jose Maria Arizmendiarrietaren bizitza eta obraren, eta orainaldirako eta etorkizunerako baliozko irakaspenen laburpena egiten du. Musika-ikuskizunaren hasieran, hazia ernamuin gisa agertzen da, eta gizonari izena eman zion zentzu gisa.

Arrasateko eredu kooperatiboaren inspiratzaile eta sustatzaile izan zen gizonaren aurkezpen artistikoa da ikuskizuna. Hasi 1936ko gerrako giza urraduratik eta haren bilakaera larritik, eta 1941ean Arrasatera iristean izandako enpresa-berpizte eta proiekzio unibertsalera arte. Protagonistaren historiako benetako gertakari eta egoeretan oinarrituta dago obra hau. Hortaz, eszenaratze artistiko musikalak haren bizitzarekin harreman zuzena izan zuten irudien koreografiak eta ilustrazioak biltzen ditu, baita gure herriaren garapena markatu zuten ekintzak ere.

“Gure zuhaitz sinboliko ugaltzailearen Haziak definitzen du protagonistaren espiritua. Fruitua lurretik sortzen da, kontzientziak pizten ditu eta bildu egiten gaitu. Gure gizon ekintzailearen irudikapena da: ametsen eraikitzailea eta gure etorkizunaren bultzatzailea izan zen nortasun-zigiluaz hornitutako gizonarena. Istorio kontatuak, kantatuak, antzeztuak, sustrai, ahots, bizitza eta leku jakin batean sortuak. Garai zail baina anekdotiko batean”, azaldu dute.

Musikalak erantzunak eskaintzen dizkie ikusleei, eta “liluragarria da bere ekintza emozionalagatik”. Ekintzaren bidez gure herriari sostengua eta lana eman dion gizon baten historia da Arizmendiarrietarena, bertako historia bizia eta unibertsala. Gizon haren sentimendu kooperatiboa obran islatzen da, Ametsak eraikitzen lelopean eta haren aldarrikapenarekin: Beti Aurrera!.

Zabaldu: