(argazkia: Gasteizko Udala)

Haziaraba in the Mapping jaialdiaren lehen edizioa aurkeztu dute, Gasteizen

Lehen edizio honetan antzezpenak, hitzaldiak, ikastaroak eta lantegiak izango dira, azaroaren 2tik abenduaren 5era bitartean.

Haziaraba in the Mapping jaialdiaren lehen edizioa aurkeztu dute Gasteizen, Haurtxoak Proiektua zikloaren “bilakaera naturala” da,  Estibaliz Canto Gasteizko kultura zinegotziaren arabera. Programa hori azaroan egin ohi zen Udalaren Antzoki Sarean, eta finkatuta zegoen hiriko kultur egutegian. “Ekimen berriaren bidez, 1 eta 6 urte bitarteko umeei eta haien familiei arte eszenikoetara hurbiltzeko aukera eman nahi diegu, eta, horrela, ikusle berriak sortzen lagunduko dugu, Gasteizen ez ezik, baita lurralde osoan ere”, gaineratu du Cantok.

Programak Mapping Europa Sortzailea proiektuaren barruko lau koprodukzio aurkeztuko ditu Nazioarteko 46. Antzerki Jaialdian, baita beste ikuskizun bat eta ikastaro bat ere; proiektu horrek Europako 17 herrialdetako 18 bazkide biltzen ditu.

Udal antzokietako egitaraua azaroaren 20an, larunbata, hasiko da: Teatro Paraisok Leihoak lana eskainiko du Federico García Lorca antzokian. Hilaren 21ean, berriz, La Petita Malumaluga taldeak hartuko dio lekukoa; La luna en un cazo proposamena aurkeztuko du, Felix Petite antzokian. Biak 2 eta 5 urte bitarteko haurrentzat dira.

Hurrengo asteburuan beste hiru emanaldiz gozatu ahalko dute Gasteizko ikusleek. Hilaren 27an, arunbata, Herbeheretako De Stilte konpainiak Espera un minuto lana taularatuko du Felix Petite antzokian; 28an, Poloniako Teatr Animacji taldearen Susurros en el bosque ikusi ahalko da Federico Garcia Lorca antzokian, eta Alemaniako Helios Theater taldearen Frü Stück, Felix Petite antzokian. Lehenengo biak 1 eta 3 urte bitarteko haurrentzat dira, eta azkena, 3 eta 5 urte bitartekoentzat.

Obra bakoitzaren bi emanaldi eskainiko dira, 12: 30ean eta 18:30ean.

Udalaren Antzoki Sarearen egitaraua arte eszenikoetako profesionalei zuzendutako ikastaro batekin osatuko da: Jesus Nieto sortzailearen Irudien dramaturgia. Azaroaren 21etik 23ra bitartean izango da, Federico Garcia Lorca antzokian.

Jarduera osagarriak

Jaialdiak hainbat jarduera osagarri antolatu ditu, hala nola Kulturarekin hazi. Artearen eta jolasaren balioa lehen haurtzaroan gaitzat duen hitzaldi kolektiboa. Hainbat eskola, familia eta kultura-testuingurutan lehen haurtzaroa arteekin lotzeko duten hausnarketak eta esperientziak azalduko dira, nazioartekoak eta tokikoak. Azaroaren 2an izango da, 18: 00etan, Ignacio Aldecoa kultur etxean. Teatro Paraisok testuinguruan kokatuko ditu Irene Fernandezek (Createctura) eta EHUko Heziketa ikerketa-taldeak (Ainhoa Gomez Pintado) aurkeztutako proiektuak.

Gainera, Gasteizko Udalaren Haur Eskolen Sareak argazki erakusketa bat antolatuko du, hezitzaileek azken urteotan sortutako instalazioak erakusteko.

Bestalde, arte berrikuntzarako Kunarte zentroak, 0-6 urte bitarteko umeei eta haiekin doazen helduei zuzenduta, estatu mailako sorkuntzak eta egonaldi artistikoak hartuko ditu, baita Bartzelonako Zinema eta Hautzaro jaialdiarekiko lankidetza ere. Boloniako (Italia) Haurrentzako Liburuen Nazioarteko Azokak sortutako Umeak, ikusle erakusketak, topaketa kulturalek, lantaldeek, instalazioek eta arte esploraziorako lantegiek ere osatzen dute jaialdiaren programa, umeak etorkizuneko ikusletzat ez ezik gaurko ikusletzat ere jotzeko xedea lortzearren.

Etorkizunari begira, azaroaren 16rako topaketa bat proposatu da, Agertoki berriak irudikatuz gaiaren inguruan. ikus-entzuleek programazio eszenikoan aktiboki parte hartzea da asmoa, ikuskizunak eskaintzen dituztenen (programatzaileak eta artistak) eta umeekin batera antzerkira doazenen (familiak eta irakasleak) arteko hausnarketa eta interakzioa bultzatuz.

Haziaraba in the Mapping Jaialdiak Araban eskainiko duen programari dagokionez, umeentzako estimulazio artistiko goiztiarreko landa-jaialdiaren laugarren edizioa aipatu beharra dago, 0 eta 5 urte bitarteko umeei eta haien familiei zuzendutakoa. Proiektu kolektibo hori Arabako Foru Aldundiaren Kultura Planean sartuta dago, eta Arabako bederatzi udaletako eragile artistiko eta kulturalek, familiek eta haur-eskolek parte hartzen dute: Agurain, Amurrio, Aramaio, Iruña Oka, Bastida, Laudio, Oion, Legutio eta Dulantzi.

Arabako udalerri horietan diziplina arteko programazio bat prestatu da, besteak beste, hainbat musika-estilotako hiru musikari arabarren kontzertua: Laura Marcos (oboea), Koldo Uriarte (teklatua) eta Sergio Lopez de Landatxe (perkusioa) musikariek beren sormena batu dute soinu-unibertso bat sortzeko, txikiak horretan murgildu eta atseginez nabigatu ahal izateko.

Horietaz gain, Teatro Paraisoren Ventanas eta Bihotz bihotzez ikuskizunak taularatuko dira Arabako herri horietan.

Zabaldu: