(argazkia: Bertsularien Lagunak Elkartea)

Hazparke taldeak irabazi du Taldekako Xilaba bertso txapelketa

Irantzu Idoate, Nahia Sasco eta Ortzi Idoate bertsolariak izan dira zazpigarren edizio honetako txapeldunak. Orotara, 39 bertsolari aritu dira kantuan, bederatzi taldetan banatuta.

Aiherrako Denen etxea gela lepoz gainezka zegoela jokatu zen larunbatean taldekako Xilabaren finala. Bertsularien Lagunak Elkarteak azaldu duenez, “eguerdiko 12:30ean hasi zen bertso besta aperitifa eta bazkari goxoarekin. Saioa 17:00etan abiatu zen eta Kanaldudek hedatu zuen zuzenean. Sintonia entzun orduko esku zartaz hartu zituen publikoak bertsolariak”. Muttikoak taldetik Irati Alcantarilla, Miren Artetxe, Ibai Lekuona eta Haize Lekuona. Hazparke taldetik Irantzu Idoate, Nahia Sasco eta Ortzi Idoate.

Gai emaile lanetan, berriz, Amaia Castorene eta Xalbat Alzugaray aritu ziren eta bertsolariak aurkeztu ondorengo lehen agur umoretsu eta jostariek giroa berotu zuten hasieratik.

Epaile izan ziren Ainhoa Sarasua, Iban Thikoipe eta Maialen Berrak emandako puntuaketaren ondorioz, Hazparke taldeak jantzi zituen hiru txapelak.

Irailaren 22an abiatu zen Ozazen Xilaba Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko bertso txapelketa eta larunbatean amaitu zen final handiarekin. Orotara, 39 bertsolari aritu dira kantuan, bederatzi taldetan banatuta. Larunbatean, 2023ko taldekako Xilabari amaiera eman zioten, beraz, Aiherran.

Antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete irailean hasitako bide honetan auzolana eskaini dieten guztiei, “bertsoa baino gehiago gara”, adierazi dute.

Zabaldu: