Getariako Bertso Eguna (argazkia: Bertsozale)

Hazparneko Bertso Eguna hurrengo urtera atzeratzea erabaki dute

Bertsozale elkarteak adierazi duenez, “Ipar Euskal Herrian egun dauden baldintzekin ezinezkoa izango da emanaldia gauzatzea”. Sarrera erosi dutenei dirua itzuliko zaie.

Maiatzaren 22rako jarri zuten hitzordua Hazparneko Bertso Eguna ospatzeko, baina Ipar Euskal Herrian dagoen oraingo egoerak ez du emanaldia egitea ahalbidetzen; beraz, Bertsozale elkarteak datorren urtera arte atzeratzea erabaki du, data zehatzik gabe.

Ez da emanaldia dataz mugitzen duten lehen aldia. Berez urteko lehen Bertso Eguna izan behar zuen Hazparnekoak, eta orduan, arrazoi berberengatik ezin eginda, maiatzera atzeratu zuten saioa, “udaberrian egoera hobea izan zitekeelakoan”. Ez da, ordea, horrela izan eta, esan bezala, azkenean, datorren urtera atzeratzea hobetsi da.

Saiorako sarrera erosita dutenei dirua itzuliko zaiela iragarri du elkarteak.

Plazak indartzeko apustua

Hazparnekoaz gain, Iruñean eta Getarian ere antolatu dituzte Bertso Egunak aurten; “horiek egin ahal izan genituen otsailean eta martxoan. Pandemiak kulturan eta bertsolaritzan utzi duen arrastoa leuntzeko eta plaza indartzeko apustuaren baitan kokatzen da hiru emanaldiok prestatzeko ahalegina”, adierazi dute.

Helburu berarekin sortu dituzte beste hainbat ekimen ere: Eskolarteko finalean parte hartu ezinik geratu ziren gazteentzako Eskolatik Plazara; proposamen berritzaileak plazaratzeko Bidaiak bertso saioak; edota maiatzaren 6an lehen saioa izango duen Gerturatu Eta Lau ekimen parte-hartzailea jarri dituzte azken hilabeteotan martxan.

Zabaldu: