Hazparneko Bertso Eguna maiatzera atzeratu dute

Bertsozale elkartearen arabera, “Lapurdin egun dauden neurriekin ezinezkoa da bertso saiorik egitea”. Hala, maiatzaren 22ra atzeratuko da Bertso Eguna.

Urtarrilaren 30ean izan behar zen Hazparnen 2021erako iragarritako lehen Bertso Eguna, baina Bertsozale elkartearen arabera, “Lapurdin egun dauden neurrien arabera, antzokiek itxita egon behar dute eta ez dago kultur ikuskizunik egiteko aukerarik”. Hori horrela izanda, hilaren amaieran izan behar zuen Bertso Eguna maiatzaren 22ra atzeratuko da. Leku berean izango da, Mendeala gelan; baina ordubete lehenago, 17:00etan.

Elkartea sarrera erosia dutenekin jarriko direla harremanetan jakinarazi du, eta dirua itzuli edo maiatzeko saiorako sarrera gordeko zaie. Maiatzeko Bertso Egun honetarako sarrerak jada eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Iruñekoa eta Getariakoa, otsailean eta martxoan

Otsailaren 13an Iruñeko Gaiarre antzokian izango da hurrengo Bertso Eguna: Julio Soto, Miren Amuriza, Onintza Enbeita eta Xabier Silveira ariko dira kantuan; Ainhoa Larretxea izango da gai jartzen. Getariako Balenciaga museoak hartuko du martxoaren 27koa; Alaia Martin, Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi ariko dira bertsotan, Maite Berriozabal lemazain dutela.

Bi emanaldiak Internetez zuzenean nahiz aurrez aurre ikusi ahal izango dira: modu baterako zein besterako sarrera eskuratu behar izango da. Aukeren arabera salneurria ezberdina izango da, eta bazkideek eta gazteek merkeago eskuratu ahal izango dituzte.

Zabaldu: