Performancea Eako hitzordurako propio sortu dute eta behin bakarrik eskainiko da.
HEA kultur elkarteak eta Metrokoadroka kolektiboak Mundo eta Universo performance kolektiboa aurkeztuko dute datorren larunbatean, azaroak 1, Ean. Emanaldi hau behin bakarrik eskainiko da.
Metrokoadrokako kideek uda aurretik jaso zuten proposamena. Azaldu dutenez, “Eako lagunek egindako ikerketa baten berri eman ziguten, eta material horrekin zeozer artistikoa egin nahi zuten. Antza denez, XX. mende hasieran ‘Mundo’ eta ‘Universo’ izeneko bi anai bizi ziren Ean. Izen horiek ofizialak ziren, hala diote behintzat jaiotza agiriek; zer istorio ezkutatu daiteke datu horren atzean? Hortik abiatuta osatu dute ikerketa Eako lagunek, eta ikerketak dituen hutsuneak artearen bitartez betetzen saiatuko gara gu”.
Performancea Metrokoadroka artista sareko 19 artistek osatu dute. Hala, performancearen hasiera eta bukaera artista guztiek elkarrekin egingo dituzte. Erdian “museo bizia” zabalik egongo da; bertan, artista horiek talde txikietan sortutako piezak ikusi ahal izango dira, museotan ikusten diren bezala, publikoa nahieran batetik bestera mugitu ahal delarik. Pieza bakoitza ikerketari geratu zaion “hutsune” bat osatzen saiatuko da, artearen bitartez. Piezetan antzerkia, literatura, dantza, arte plastikoak eta argiak izango dira nagusi.
Ordutegia
17:00etan elkarketa eta desfilea Eskolondoraino, parte hartzaile guztiekin eta publikoarekin.
17:45etik 19:00etara Mundo eta Universoren Museo Bizia zabalik egongo da Eskolondon.
19:00etan amaierako pieza egingo dute artista guztiek elkarrekin, Eskolondoko frontoian.
Parte hartzaileak Ainara Lasa, Ainhoa Alberdi, Andrea Berbois, Ane Zabala, Arantxa Ezkerra, Asier Sarasola, Edurne Azkarate, Galder Perez, Idoia Beratarbide, Imanol Garcia, Iraia Elias, Javier Barandiaran, Jurdana Otxoa, Jurgi Sarasola, Maite Aizpurua, Oier Guillan, Oihana Vesga, Oscar Picazo, Rakel Salinas izango dira.