Azkena, Prioridades, Cuidado!, Hemen bizi da maitasuna eta Pomo D’oro proiektuak aukeratu dituzte.
(H)emen elkarteak ikus-entzunezko sektoreko emakumeak ahalduntzeko mentoretza programan parte hartuko duten zinemagile gazteak ezagutzera eman ditu.
Guztira 66 emakumek 26 proiektu aurkeztu dituzte, bi eta bost kide bitarteko taldeetan banatuta. Euskarazko zein gaztelaniazko proposamenak jaso dituzte antolatzaileek, hainbat genero eta formatutakoak: fikzioa, animazioa, dokumentala, sorkuntza dokumentala, drama edo komedia. Aurkeztutako zinemagile asko Euskal Herriko ikus-entzunezko eta zinemako zentroetatik datoz, eta ikasketak amaitu arren, oraindik profesionalizatu ez diren emakumeen proposamenak ere jaso dira. Elkarteak nabarmendu duenez, “izena eman duten 66 zinemagile horietatik % 74k 25 urte baino gutxiago ditu”.
Hautatutako proiektuak
Hauek dira lehen edizio honetan hautatu dituzten bost proiektuak: Azkena, Ane Ines Landeta eta Lorea Lyonsena; Prioridades, Tamara Lucarini eta Ana Angulorena; Cuidado!, Olaia Nogales eta Llucia Plarena; Hemen bizi da maitasuna, Enara Garcia eta Ainhoa Olasorena, eta Pomo D’oro, Nerea Sciarra eta Allende Grandmontagnerena.
Bost taldeek gidoigintza, zuzendaritza eta ekoizpen tailerretan hartuko dute parte hautatutako proiektuekin. Gainera, genero ikuspegiari buruzko tailer bat jasoko dute. Gidoigintza tailerra ekainaren 11tik 13ra izango da, Bilbon, Lara Izagirre eta Ana Hormaetxearen eskutik. Zuzendaritzakoa, berriz, ekainaren 25etik 27ra izango da, Donostian, Maider Oleaga, Esti Urresola eta Olatz Beobideren eskutik. Amaitzeko, produkzio tailerra uztailaren 9tik 11ra izango da, Bilbon eta Izaskun Arandiak eta Nahikari Ipiñak eskainiko dute azken hau.
Programaren amaieran, aholkulariek bi proiektu aukeratuko dituzte, eta azaroan, Zinebi jaialdian ezagutzera emango dira. Hautatutako lan bakoitzak 3.000 euro jasoko du film laburra garatu dezan.