(H)emen elkarteak ikus-entzunezko sektoreko emakumeak ahalduntzeko mentoretza programa abiatu du

Aukera programan parte hartu nahi dutenek apirilaren 26ra arte izango dute euren proposamenak aurkezteko epea zabalik.

“Etorkizuna izango diren ikus-entzunezko emakume gazteei lehen aukera emateko asmoz” jaio da Aukera programa. (H)emen elkarteak azaldu duenez,Kulturaren Euskal Behatokiak 2016an egindako ikerketaren arabera, ikus-entzunezko ikasketak egiten dituzten pertsonen % 55 emakumeak dira. Hala ere, euskal ekoizpenetako lantaldeetan, emakumeak % 35 baino ez dira”. Elkartearen aburuz, datu hori, gainera, “engainagarria da, ehunekoa askoz txikiagoa baita sormen postuetan. 2015ean, adibidez, emakume gidoilariak % 5,6 baino ez ziren”.

Datu horiek kontuan hartuta, sortu dute Aukera programa. “Ekimen honen helburua ikus-entzunezko sektoreko emakumeei laguntzea eta ahalduntzea da, unibertsitatetik edo prestakuntzatik hasi eta lan-munduan sartu arte”, azaldu dute.

Hala, programa honen bidez, “euskal zinemaren sektorean eta film laburren esparruan, emakume sortzaileek sortutako lanen ekoizpena bermatu nahi da; urtero emakumeek sortutako bi film laburren ekoizpena bultzatuz”. Honekin batera, euskal ikus-entzunezkoen sektorean emakume profesionalen kopurua handitzea, eta 2024 urterako, EAEko film laburren jaialdietara eta film laburrak ekoizteko ikus-entzunezko diru-laguntzetara aurkezten diren proiektuen %50 emakumeek sortutakoak izatea nahi dute.

Programan parte hartu nahi dutenek apirilaren 26ra arte izango dute euren proposamenak bidaltzeko aukera zabalik. Aurkeztutako proiektuen artean, epaimahaiak bost proiektu-talde aukeratuko ditu eta hautatutako taldeek mentoretza saioetan parte hartuko dute, gidoilari bat, zuzendari bat eta ekoiztetxe bateko profesionalen laguntzarekin.

Mentoretza saioak amaitu ondoren, bi proiektu finalistak hautatuko dira eta horiek film laburra ekoizteko 3.000 euroko Aukera Saria jasoko dute ZINEBI 63 jaialdiaren itxiera ekitaldian.

Parte hartzeko oinarriak, hemen.

Zabaldu: