Herenegun taldea

Herenegun, Indabe eta Oihu taldeek Donostiako Antigua auzoko jaietarako abestia sortu dute

Herri Izaera kantuak azken urteotan auzoan eta hirian izaten ari den turismoaren masifikazioa salatu nahi du eta, aldi berean, auzoa auzotarrek egiten dutela aldarrikatu nahi izan dute.

Herri Izaera Donostiako Antigua auzoko jaietarako egindako abestia da, Herenegun taldeak sortua Indabe eta Oihu taldeekin batera. Kantuak auzoaren irudikapen musikala egitea du helburu, “melankolia bilatuz, baina erritmo eta doinu kañeroak erabiliz”, azaldu dute musikariek.

Abesti berri honen bidez, hainbat kontu azaleratu dituzte: auzoaren sorrera, taldekideen haurtzaroko eta gaztaroko bizipenak eta auzoaren gaur egungo egoera. Bide batez, abestiak azken urteotan auzoan eta hirian izaten ari den turismoaren masifikazioa salatu nahi du eta, aldi berean, auzoa auzotarrek egiten dutela aldarrikatu nahi izan dute.

Herenegun Donostiako Antigua auzoan jaiotako musika taldea da. Bederatzi taldekidez osaturik, Ska, Reggae eta Rock erritmoak nahasten dituzte, abesti alai eta dantzagarriak sortuz. Beraz, umore alaia eta festa du oinarri, disfrutatu eta disfrutarazteko asmoz.

Taldeak 2020. urtean kaleratu zuen bere lehen diskoa, Zer Dakarren izenpean. Zortzi abestiz osaturiko EP-a da, eta gozatzeko erritmoz beteriko diskoa dela diote taldekideek. Gerora, Bi Mundu eta Negu Hurbilak abestien bidez, proiektuari indarra eman zioten, kontzeptu berriak eta taldearen erroak batuz.

Gaur egun, Gure Errua eta Jakin Nahi Nuke kantuen bidez, taldeak hartutako bide berria ikus daiteke, izan ere, energia eta pasioa dute ardatz.

Iazko amaieran haien bigarren diskoa aurkeztu zuten Bi Mundu izenpean. Lan honetan ere “erritmo alaiak eta kañeroak oinarria izan arren, kantu landuagoak biltzen dira, bai musika aldetik zein transmititzen diren mezuen aldetik”, taldeak izan duen garapenaren erakusle.

Zabaldu: