Donostiarrek zehaztu dutenez, “soinu garaikideago batetik eta tonu malenkoniatsu bat erabiliz, abestiak maitasun ezkutuari buruz hitz egiten du, maitasun gordina, maitasun etsia”.
Herenegun taldeak Eraman nazazu abestia eta bideoklipa kaleratu ditu, datozen asteetan kaleratuko duen diskoaren aurrerapen kanta gisa.
Musikari donostiarrek azaldu dutenez, “soinu garaikideago batetik eta tonu malenkoniatsu bat erabiliz, abestiak maitasun ezkutuari buruz hitz egiten du, maitasun gordina, maitasun etsia”.
Gaineratu dutenez, abestiak Marte Lasarte taldearen parte hartzearekin osatu dute, “Pello Armendarizen ahots indartsuak eta Borja Antonen ekoizpenak ematen diote singleari halako potentzia eta erritmo itsaskorra”.
Herenegun Donostiako Antigua auzoan jaiotako musika taldea da. Zortzi taldekidez osatuta, ska, reggae eta rock erritmoak nahasten dituzte, abesti alai eta dantzagarriak sortuz. Beraz, umore ona eta festa giroa transmititu nahi dute, disfrutatu eta zaleak disfrutarazteko asmoz.
Taldeak 2020. urtean kaleratu zuen bere lehen diskoa, Zer Dakarren izenpean. Zortzi abestiz osaturiko EP-a da, eta gozatzeko erritmoz beteriko diskoa dela diote taldekideek. 2023ko amaieran aurkeztu zuten haien bigarren lana Bi Mundu izenpean.
Datozen asteetan, berriz, erritmo eta estilo garaikideak ukitzen dituen lan berria kaleratuko dute, “beste urrats bat eman nahi dugu eta rock bereizgarrian hazten jarraitu”.