Herenegun taldeak soinu unibertso zabalago eta zirraragarriago baterantz jo du

Atzera Begira diskoa plazaratu dute donostiarrek. Honetan, pop-rock melodikoa eta musika elektronikoak uztartu dituzte.

Herenegun taldeak Atzera Begira (Balaunka) estudioko hirugarren diskoa kaleratu du gaur. Zortzi abestiz osatuta, taldearen ibilbidean kapitulu berria markatzen duen lana dugu honakoa. Urteak eman dituzte ska eta reggae estiloak nahasten eta, oraingoan, musikari donostiarrek aurrerapauso argia eman nahi izan dute “helduago eta barnekoiagoa den soinu baterantz joz, pop-rock melodikoa eta musika elektronikoak uztartuz.

Taldearen norabide artistiko berriaren erakusgarri, aurten Herenegunek hiru aurrerapen kanta, Minutu Bat, Ekaitza eta Eraman Nazazu, kaleratu ditu bideoklip banarekin lagunduta.

Atzera Begira lanean, Antigua auzoan jaiotako taldeak gai unibertsalak jorratzen ditu: “gaur egungo munduak eragiten dien kezka, denboraren joan-etorri atzeraezina edo maitatzeko hainbat forma. Guztia tonu malenkoniatsu eta nostalgikoan aurkeztuta, bai letretan bai ekoizpen musikaletan islatuta”.

Disko berria Haritz Harreguyk grabatu du, Borja Antonek ekoitzi eta Victor Garciak masterizatu. Horrez gain, Idoia Asurmendi eta Marte Lasarte taldea aritu dira kolaboratzaile gisa, “bi abestiri ñabardura berezi eta hunkigarriak emanez”.

Balaunkaren arabera, “hirugarren lan honekin, Herenegunek bere nortasuna berresten du eta soinu unibertso zabalago eta zirraragarriago batera irekitzen da, bere ibilbidean aurrerapauso artistiko argia sinatuz”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna