(argazkia: Hernaniko Udala)

Hernaniko Ave Maria parkea kultur plaza bihurtuko da aurten ere

Denetara hamar ekitaldi antolatu dira udan parkeaz gozatu ahal izateko.

Aurtengo Uda Parkean uztailaren 25etik 27ra egingo da Hernaniko Ave Marian. Edizio honetarako hamar jarduera antolatu dituzte, eta gaur aurkeztu dute egitarau hori. Hala, Aitor Huizi Kultura zinegotziak Uda Parkean jaialdi “berezia” dela aitortu du: “Ikasturtean zehar kultur programazio handia izaten da Hernanin, baina udan gutxitu egin izan da, uste izaten dugulako herritarrez hustu egiten dela herria. Baina hori ez da horrela: hernaniar asko geratzen dira udan herrian eta horientzako programazio interesgarria sortu nahi izan dugu. Bide batez, horrela kultur programazioa urte osora zabaltzea lortzen dugu”.

Horrez, gain, Huizik “Ave Maria bezalako espazio natural bat kultur plaza” bihurtzearen garrantzia azpimarratu du. “Uda kulturaz aire librean gozatzeko garai aproposa da. Gainera, herrigunean ditugun natura guneak aprobetxatuz egiten badugu, oraindik hobeto”.

Zirkuko bi emanaldi

Adin-tarte guztientzako egitaraua antolatu dute aurten ere: haurrek, familiek eta helduek gozatzeko modukoa. Agurtzane Aizpuru Kultura teknikariak eman ditu horien inguruko azalpenak. “Jolasak, antzerkia, zirkua, dantza eta musika emanaldiak izango dira Uda Parkean-en eta “zirkuko bi emanaldiak” aipatu ditu aurtengo nobedadeen artean.

Aldapeko Latin Jazzen kontzertua ere izango da. Sanjoanetako preludioan oholtza gainean izan zen Hernaniko taldea pare bat kanturekin. Oraingoan, saio osoa eskainiko dute.

Aniztasunak ere izango du tokia Uda Parkean-en. Honela, Donostiako Verdini dantza taldeak itxiko du aurtengo egitaraua. Ekitaldi guztiak dohainik izango dira eta euria egitekotan, ekintzak Atsegindegin izango dira.

Egitaraua

Uztailak 25, osteguna:

17:00: Haur jolasak. Egurrezko jolasak eta bubbles-ak.

19:30: Eraitsi SL antzerkia (Goitibera konpainia. Geuretik Sortuak ekimena).

21:30: Janus Lesterren kontzertua.

Uztailak 26, ostirala:

17:00: Haur jolasak: ohe elastikoak, slike-line, maskara eta eskulan tailerrak… (+5 urte).

18:00: Hartubol.

20:00: Zirkua: Nüshu (Capicua)

22:00: Aldapeko Basque Latin Jazzen kontzertua.

Uztailak 27, larunbata:

17:00: Haur antzerkia: Artilusioa (Markeliñe).

19:30: Zirkua: REM (La Trócola).

22:00: Verdiniren dantza ikuskizuna.

Zabaldu:

Utzi erantzuna