(argazkia: Hernaniko Udala)

HernaniKomik, euskarazko komikigintza erdigunean jartzen duen azoka prest da

Hernani Euskal Herriko komikilarien eta komikizaleen topagunea izango da ostiralean eta larunbatean, hilak 18 eta 19. Azokaren kartelaren diseinua Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaile eta marrazkilari hernaniarrak egin du.

Hernaniko Atsegindegi plaza izango da euskarazko komikigintzak azken hilabeteetan eman dituen lan esanguratsuenen erakusleihoa. Antolatzaileek adierazi dutenez, “labetik atera berriak diren sormen lanak ikusi, gozatu eta erosi ahalko dira bertan”. Izan ere, komikien aurkezpenak izango dira ostiralean eta larunbatean, hala nola, Haur besoetakoa (Unai Iturriaga eta Alex Sanvicente), Laboa (Unai Iturriaga, Harkaitz Cano eta Joseba Larratxe), Black is beltza II: Ainhoa (Susana Martin), Utzi azalari (Axpi), Lurbinttoko ohoinak (Adur Larrea) Sua: Sutagar (Alex Tello eta Julen Ribas).

Aurkezpenak ez ezik, bisita gidatuak, marrazketa inprobisazioak Asisko Urmeneta eta Eider Eibarren eskutik, zinema eta musika emanaldiak ere izango dira. Gainera, Ibilbide profesional osoa goraipatzeko Joseph Camino saria jasoko du Jon Zabaleta marrazkilari eta ilustratzaile hernaniarrak.

Egitarauak biltzen dituen ekintzez gain, beste aurkezpen batzuk ere izango dira, “komikigile eta argitaletxe batzuk, azoka hau antolatzen ari ginela jakin zutenean, gurekin harremanetan jarri ziren parte hartu nahi zutelako”, adierazi du Mikel Begoña marrazkilariak. Hala, egitaraua itxita egon arren, Nabarraldeko Gasteiz 1200 eta Harriet argitaletxeak plazaratu duen lehen euskarazko manga (Tomomi Usuiren Cube Arts) ere aurkeztuko dituzte Hernanin. Koro Muro Harriet argitaletxeko arduradunak nabarmendu duenez, “zaletuentzat aukera paregabea da, komikigileen eta zaletuen artean topagune bikaina delako, eta hain zaletuak ez direnentzat, komikigintzara gerturatzeko aukera ere badelako”.

Begoñak nabarmendu duenez, “komikilariok beste azoka batzuetan parte hartzen dugu, baina, inon, ezta Euskal Herriko azoketan ere, ez digute euskarazko sortzaileei txoko berezi bat eskaintzen”. Dena dela, “urtero berritasunak eta lan garrantzitsuak argitaratzen dira eta horiek erakusteko azoka baten beharra zegoen”, iritzi dio Dani Fano Xabiroi aldizkariaren koordinatzaileak.

Hernaniko Udalak antolatu du HernaniKomik, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin eta Harriet argitaletxearen, Xabiroi aldizkariaren eta Gaueko komiki dendaren laguntzarekin. Udal Liburutegiko Rakel Gonzalez aritu da buru belarri azoka antolatzen eta egileekin hartu-emanetan. Dirudienez, HernaniKomik indarrez sartu da komigintzaren azoketan, eta lehen edizio honek egileen artean izan duen harrera ona eta lan egiteko gogoa ikusita, etorkizun oparoa ikusten diote antolatzaileek.

Zabaldu: