Korrika Atharratzen (argazkia: Kultur Sharea)

[Bideoa] “Herri oso bat lotzeko eta herri oso bat bizirik sentiarazteko”

Euskal Herri osotik etorritako euskaltzalez beteta eta eguraldi bikainarekin Atharratzetik abiatu da gaur 24. Korrika. 15.30ean ekitaldi nazionalean hartu dute parte AEKren hainbat eledunek, Xiberoko dantzariek eta Mikel eta Paxkal Indo txalapariek lagundurik. Ipar Euskal Herriko AEKren lehendakari Maider Heguyk eta AEKren Nazio Kontseiluko kide Bixente Claveriek azaldu dute oraindik zein beharrezkoa den Korrika: “Euskararen aldeko engaiamendua da, euskara defendatzeko, maitatzeko eta transmisioan segitzeko”.

Claveriek aipatu bezala, Korrikaren Atharratzetik Bilborainoko bideak badu zenbait parekotasun gure hizkuntzarekin: “herri oso bat zeharkatzea, herri oso bat lotzea eta herri oso bat bizirik sentiaraztea”. Euskara gara lelopean, euskara “gure identitatea” dela azpimarratu du: “Euskara gara gu, eta gu gabe ez dago euskararik”.

Euskararen egoera larriari ere erreferentzia egin diote, izan ere, ofizialtasun faltak, oldarraldi judizialak eta instituzioen atzerapausoek euskararen garapena oztopatzen dute. AEKk helduen euskalduntzea, doakoa eta unibertsala, erdigunean ipini nahi du, baina horretarako baldintzak bete beharko dira: “lidergo politikoa, hizkuntza-politika sendoa eta baliabide errealak”, adierazi du Claveriek.

Basabürüko euskalgintzaren izenean, Oihana Larrandaburu Sohütako ikastolako zuzendariak ere hartu du hitza ekitaldian. Euskarak “behar duen lekua hartu behar duela” azpimarratu du, eta eskerrak eman dizkie belaunaldiz belaunaldi euskararen alde “inurri” lana egiten ibili diren guztiei, “haiei esker eüskara giralako”.

Ondoren, Ane Elordi ekimenaren arduradunak azken egunean (martxoaren 29an, Bilbon) irakurriko den mezu sekretua sartu du lekukoan. “Euskararen aldeko ekimen erraldoiak berriro erakutsiko du ez duela mugarik: herri bakoitza euskararen plaza bihurtuko da-eta; pertsona bakoitza, hizkuntzaren zaindari tipi baina indartsu”, adierazi du AEKk.

Lehendabiziko kilometroak

Euskal Irratietako Irulegiko Irratiko Xarlot Etxeberrik eta Euskal Irratien lehendakari den Ximun Carrerek eraman dute lekukoa lehendabiziko kilometroan, banderolaren gibelean ziren beste irratietako ordezkariek segiturik.

Gure Irratia, Xiberoko Botza, Irulegi Irratia, Amikuzeko Irratia eta Antxeta Irratiko langile eta laguntzaileek eraman dute lekukoa lehendabiziko kilometroan. Horrela, AEK-Korrikak goraipatu nahi izan du Ipar Euskal Herrian euskarazko kazetaritzak euskararen normalizazioan egiten duen lana.

Ondoren, Zuberoako Ikastolak hartu du lekukoa; gero hainbatek, hurrenkera honetan: Atharratzeko Herriko Etxeak eta Euskal Herria Hirigune elkargoak, AEKren Mintzalagun proiektuak, Euskarabenturak…

Ondoren, Maulen barrena ibili da Korrika. Bertan, jai-giroan jarraitu dute.

Zabaldu:

Utzi erantzuna